Galdeketa diruz laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 24a, 12:40

Ez du erakundeen inolako babesik izan, Erraustegia Erabakia Herri Plataformak asteburuan antolatu duen herri galdeketa herritik herriarentzat antolatu da. Eta kostu bat du noski. Bilgunearen baitan, finantziazioaz arduratu da talde bat azken hilabeteotan. Galdeketak eragingo dituen gastuei aurre egiteko hainbat ekimen bideratu dituzte. Galdeketaren aldarria lau haizeetara zabaltzen lagundu duten kamisetak saldu dituzte, taloak uztaila hasieran ospatu ziren herriko jaietan, Santixabeletako txosnetatik ere laguntza jaso zuten, gaztainak banatzen aritu ziren sagardoarekin batera igandean lip-duba grabatu ostean... Eta kontu zenbaki bat ere zabaldu dute, nahi duen orok diru ekarpenak egin ditzan. Hemen duzue zenbakia: ES 36- 3035 0140 37 1400030079.

"Hor dago kontu zenbakia, ekarpen guztiak gustura hartuko ditugu. Behar beharrezkoa zaigu, hau guk antolatu eta ordaintzen dugu", Erraustegia Erabakia herri plataformako finantziazio taldetik aditzera eman digutenez. Herritik herriarentzat antolaturiko ekimena dela gogorarazten dute. "Kostuaren parte handi bat muxutruk bolondresek egiten ari diren sekulako lana da, sekulako dirutza neurtzen hasiko bagina", azpimarratzen dute. Herritarrek jada ekarpen baliotsuak egin dituztela adierazi digute, baina laguntzen segitzera animatzen gaituzte.