Erraustegiaz erabakitzeko azken eguna dugu igande honetakoa. Erraustegia Erabakia Herri Plataformak asteburu honetarako antolaturiko herri galdeketan parte hartzeko azken aukera dago Kaxkoan. Askatasuna plazara gerturatuta, erraustegia egitea nahi dugun edo ez bozkatu ahalko dugu, iluntzeko 20:00ak arte. Eta adi, iluntzeko 20:00etan hasita bozken zenbaketa eta usurbildar eta zubietarrek emandako iritzia ezagutzeko aukera, frontoian ospatuko den ekitaldian!
Galdetzen hasterako, lehen herritar ilara erantzuteko zain
09:00etan ireki dute Askatasuna plazako bozkatzeko gunea. Erraustegia Erabakia Herri Plataformako kideek prestaketa lanak ordea, aurrez hasi dituzte. Askatasuna plazako estalpeko hormetan dauden estalkiak baliatu behar izan dituzte, haize boladetatik babesteko. Gainerakoan, normaltasun osoz zabaldu dute bozkalekua. Eta aurreko egunetan gertatu moduan, Kaxkoan ere lehen unetik, bozkatzeko gunea martxan jartzerako jada, erraustegiaz hitza hartzeko gogoz zegoen lehen herritar ilara osatu da.
Beste herritar batzuekin batera, kirolariak izan ditugu lehen minutuetako protagonistak; Imanol Agirretxe Real Sociedadeko futbolaria, Esther Arrojeria Bera Bera eskubaloi taldeko jokalaria eta Xabier Santxo pilotaria izan dira bozkatzen. Arrojeria eta Santxo gainera, Alejandro Tapia, Paki Iradi, Joxe Piñas, Bego Izeta, Haimar Zubeldia, Ainhoa Azpiroz, Ramon Udabe, Edurne Albizu, Rosa San Roman eta Jose Luis Elexpe Pelex herritarrekin batera, galdeketa prozesuaren gardentasun eta garbitasuna ziurtatuko duen Berme Batzordeko kide dira. Asteburuan zehar egin duten moduan, igande honetan ere bozkatzeko mahaietan ikusi ahal izango dituzue herritarrok.