Erraustegiari buruzko galdeketako emaitzak, 20:00etan frontoian

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 23a, 08:30

Debeku eta traben gainetik, egun handia gaur udalerri honentzat. Amaitu da atzera kontua. Ikusi, nola esnatu zaigun Bordatxo taberna aurreko errotondan, erraustegiaz herri honek duen iritzia ezagutzeko zenbat denbora falta zen iragartzen aritu zaigun panela. Egun handirako ederki asko atondua, haize errota, globo eta bestelako apaingarriekin. Panelak egoki asko adierazi bezala, 0 egun geratzen dira usurbildar eta zubietarrek erraustegiaz duten iritzia ezagutzeko. Ordu batzuk baino ez. Gaur arratsaldeko 20:00etan, Askatasuna plazako bozkatzeko tokia itxi ostean ekingo diote zenbaketari, frontoian ospatuko den ekitaldian. Igande gau honetan bertan ezagutuko dugu, herritarrek erraustegia egitea nahi duten edo ez.

Gogoan izan, botoak jasotzeko bi ontzi egongo direla galdeketan zehar; bat zubietarrentzat, bestea gainerako herritarrentzat. Horri esker, bi emaitza jasoko ditugu; zubietarrek erraustegiaz adierazi dutena, eta bestetik gainerako herritarrek emandako iritzia.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, asteburuko herri galdeketako "emaitzaren akta altxatuko da eta emaitza, herritarrei ez ezik, Donostia eta Usurbilgo udalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaie". Ohar garrantzitsu bat; herri galdeketan parte hartu dutenen datuak deuseztatu egingo dira, galdeketa amaitu ostean.

548 herritarrek bozkatu dute jada

Erraustegia Erabakia Herri Plataformak ezagutzera eman dituen lehen parte hartze datuen arabera, 548 herritarrek bozkatu dute jada, erraustegiari buruzko herri galdeketan. 354 usurbildarrek eta 194 zubietarrek parte hartu dute. Auzokako datuak ere argitara eman ditu herri plataformak, Aginagako, Santueneko eta Zubietako parte hartze datuak. Honatx behin behineko zenbakiok xehetasun gehiagorekin:

Bozkatu duten usurbildarrakBozkatu duten zubietarrakGuztira
Aginaga (frontoia)1468154
Santuenea (frontoia)17413187
Zubieta (Kaxkape)34 173 207
Kaxkoa (Askatasuna plaza)Igandea 09:00-20:00
Guztira354194548