Datuok eskutan, pozarren agertu da Erraustegia Erabakia Herri Plataforma. "Erraustegia Erabakia plataformak oso era positiboan baloratu du asteburu honetan Usurbil eta Zubietan egin den galdeketa. Lehenik eta behin, % 43,6 partaidetza lortzea datu arrakastatsua dela deritzogu. Herritar talde batek antolatutako galdeketa izan dela kontuan hartuta –hau da, erakundeetatik at– aurreikusi genezakeen partaidetza eta antzeko ekimenetan ohikoa dena gainditu egin da. Parte hartzearen gaian inguruan eta aurrekoa datu orokorra izanda, aipamen berezia merezi du Zubietako eremuan lortutako markak, bertako erroldaren %64,7koa izatera heldu baita", nabarmendu dute ohar bidez.
Bilera erronda erakundeekin
Inork uka ezin ditzakeen emaitzak direla azpimarratzen dute plataformatik, "hemendik aurrera, agintariek aintzat hartu beharko luketena". Horren harira, emaitzok zuzenean azaltzeko hainbat hitzordu eskatzekoak dira erakundeekin, astelehen honetan bertan. "Gipuzkoako Foru Aldundiari, Donostia eta Usurbilgo Udalari eta Batzar Nagusietako talde guztiekin eskatuko ditugu hitzorduak, kezka eta eztabaida maila handia sortu duen erraustegiaren proiektuaren inguruan, Zubieta eta Usurbilgo biztanleen iritzia zein den zuzenean azaltzeko asmoarekin", iragarri dute.
Herritarrak zoriondu eta galdeketa ahalbidetu duten laguntzaile guztien lana eskertu dute. "Pozik gaude egindako lanarekin eta erabat eskertuta lan hau aurrera ateratzea ahalbidetu duten herritar guztiekin. Lagun asko izan ditugu azken hilabete hauetako ibilbidean eta galdeketa gauzatzea eta modu onean eramatea posible egin duten guztiei ere gure esker berezia adierazi nahi diegu; Berme Batzordearen jardunean eta mahaietan bolondres bezala aritu diren pertsona guztiei, bereziki", adierazi dute.
Behin betiko emaitzak
Parte hartzea:
Usurbilen eta Zubietan: 2.317, %43,6 (Errolda: 5.312)
Zubietan: 244, %64,7. (Errolda: 377).
Erraustegia egitea nahi al duzu?
Usurbil osoan:
Ez: 2.268, %97,9.
Bai: 39, %1,7.
Txuriak: 8.
Baliogabeak: 2.
Zubietan:
Ez: 243, %99,6.
Bai: 1, %0,4.