Usurbil F.T.-k 40 urte: "Eskerrik asko gurekin egon zineten guztioi"

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 24a, 12:26

“Eskerrik asko atzo (larunbatean) gurekin egon zineten guztiei. Zuen irribarreak ikusteak ez dauka preziorik. Usurbilen dantzari finak garela argi geratu zen. 40.urteurrena ospatzeko egun paregabea izan zen eta dena zuei esker. Baina hau ez da bukatu! Aurrerantzean egingo ditugu ekitaldi gehiago. Gora zuek eta gora U.F.T.!”, hitzokin eskerrak eman nahi izan dizkie Usurbil F.T.-k sare sozialen bidez, larunbatean izan zuten urtemuga festara batu ziren guztiei.

200 bat lagun bildu zituen Saizar Sagardotegian ospatu zuten urtemuga jaiak. Jendetza. Pentsa, bazkaritarako aurrez salgai jarritako txartelak agortu eta gehiago eskuragarri jarri behar izan zituzten. Bistan denez, harrera ezinhobea izan zuen Usurbil F.T.-k atzoko eta gaurko jokalari, entrenatzaile, guraso, zuzendaritzako kide eta zaletuei, joan den larunbateko 40. urtemuga festa handian parte hartzeko luzaturiko gonbitak.

Sagardotegi atarian, taldeko argazki erraldoia atera zuten lehenik. Barruan, Usurbil F.T.-ko lehendakariak omendu zituzten aurreskua dantzatuz, eta oroigarriak banatuz. Arratsalde partera arte luzatu zuten festa, Dj Larraren saioarekin.

Atzoko eta gaurko Usurbil F.T.-ko kideak bildu eta oroitzapen asko berritzeko aukera ederra urriaren 22koa. Zorionak!