Urizaharra-Bastida mendi irteerarako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 25a, 07:00

"Urizaharra-Bastida ibilbidea egingo da. Ondoren bazkaria, Eskuernagako Candido Besa upategian egingo dugu". Hortxe, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak azaroaren 5erako antolatu duen egunpasa. Izen emateko astebeteko tartea duzue. Segidan argibide gehiago.

Web gunea martxan berriz

Mendizaleen bilgunetik jakinarazi dutenez bestalde, funtzionamenduan dute berriz, iraila amaieran erasotu zuten Andatzakoen webgunea. "Web orria martxan dago berriz ere, izandako arazoak gainditu ondoren. Ikusgai dagoena moldatzen joango gara, gure beharretara egokitzeko", berri eman dute.

Orrialdea blokeatua egon da. Mendizaleen bilgunetik aditzera eman zutenez, "2010. urteaz geroztik, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak jarraitutako bidearen berri ematen duen gure www.andatza.com web orriak erasoa izan du, eta etengabe spam-ak sartzen zirela ohartu ondoren, gure hosting zerbitzuak orria blokeatu egin du, kalteak ez areagotzeko. Orriaren konponketa bideratu dugu eta ahal den epe laburrenean berriro martxan izango da, Andatzako nondik norakoen berri emateko".

Mendi Astea

Azaroaren 5eko irteeraren ostean, Mendi Astea ospatuko dute hilabete amaieran; azaroaren 24an, 25ean eta 26an. "Laster izango duzue prestatzen ari garen ekintzen berri", iragarri dute.

Urizaharra-Bastida mendi irteera

Abiatzeko hitzordua: 07:00etan, Oiardo Kiroldegitik.

Ibilbidea: 13,5 km. "Urizaharra-Bastida ibilbidea egingo da. Ondoren bazkaria, Eskuernagako Candido Besa upategian egingo dugu".

Joan etorria: autobusez.

Izen ematea: azaroaren 1a baino lehen, 40 euroko ordainketa egin (garraioa eta otordua barne), Andatza M.K.T.-koen kontu zenbakiotako batean:

Rural Kutxa: 3008 0259 1630 0543 0321

Kutxabank: 2095 5069 0710 6848 9805

Oharrak:

-Plaza mugatuak, "jatetxeko tokiaren arabera, 30 plaza".

-"Andatza Mendizaleen Kirol Klubak antolatzen dituen irteeretan parte hartzeko derrigorrezkoa da, mendiko federatua izatea eta aseguru txartela indarrean edukitzea. Federatu gabe dagoenari tramitea egingo diogu, hala nahi badu. Horretarako gure web orrian aurkitzen da egin beharrekoa, edo gurekin jarri harremanetan andatza@hotmail.com helbidean".

Informazio gehiago: andatza.com

Antolatzailea: Andatza M.K.T.

Irudia: Andatza M.K.T.