Aurten estreinakoz, 2-12 urte arteko haurren gurasoei zuzenduriko ikastaroa antolatu du Etumeta AEK euskaltegiak Udarregi Ikastolarekin elkarlanean eta Usurbilgo Udalaren laguntzaz. Azaroaren 14an hasi eta maiatzera arte luzatuko da. 100 orduko iraupena izango du. Astean bi orduko bina klase eskainiko dira, Udarregi Ikastolan, goiz edo arratsaldez. Ikastaroko prezioa 100 eurokoa izango da. Urriaren 28ra arte matrikulatu daiteke ikastaro honetarako. Udarregi Ikastolan edo euskaltegian bideratu ahalko da inskripzioa. Ez ahaztu zuen izen abizenak adierazteaz gain, telefono zenbaki bat uztea. Gero, izena eman duten gurasoei, azaroaren 3an mailaketa froga egingo zaie Udarregi Ikastolan.
Udarregiko HIZPRO lan-taldetik, "gurasoak animatu nahi ditugu ikastaro horretara, ikastolako parte garrantzitsu direlako eta ikastolak dituen helburuetan ezinbesteko direlako". Azken urteotan gazteleraren erabilera areagotu dela sumatzen duten, eta gai honetan gurasoak giltzarri direla; seme-alabek, gurasoen hizkuntza-ohiturak barneratzen baitituzte. Hortik, gurasoen euskalduntzeak duen garrantzi nabarmena. Familia barruko hizkuntza transmisioan eta euskararen erabileran eragin nahi dute.
Gurasoak euskalduntzeko ikastaroan izena eman edo informazio gehiagorako:
Nagusia, 43
607 609 379.