Arrakasta itzela izaten ari da sarean, Erraustegia Erabakia Herri Plataformak 800 herritar baino gehiagoren laguntzaz urriaren 16an grabaturiko lip-dub koloretsua. Ostiral iluntzean, egileek Mikel Laboa plazan eginiko aurkezpen ekitaldi jendetsuaren ostean igo zuten Youtubera, herritarrak erraustegiaz hitza hartzera animatzen dituen ikus-entzunezko lan koloretsu eta alaia. Ordu gutxiren buruan, igande goiz honetarako jada ia 4.000 aldiz ikusi da. Eta ikustaldi kopuruak gorantz jarraitzen du etengabe. Lip-duba ikusi ez baduzue, albiste honi atxikia duzue. Zorionak!
Grabazio eguneko bilduma osoa hemen: Lip-dub grabazioa
Jendetza estreinaldian
Egunotan zegoen ikusmina ostiral iluntzean plazaratu zen frontoi atzean. Herritar mordoa bildu zen, Erraustegia Erabakia Herri Plataformak urriaren 16an Usurbilen grabaturiko lip-dubaren estreinaldi handira. Gogoan izan, 800 lagunek baino gehiagok parte hartu zutela aurreko igandeko grabazioan. Haietako asko hurbildu ziren Mikel Laboa plazan antolatu zuten proiekziora. Ikusi genuena mundiala izan zen; ehunka lagun abiatu berri den herri galdeketan parte hartzera, hitza hartzera animatzen, Fermin Muguruzaren abestiaren erritmora dantzan eta abesten. Jai giroan, alaitasun betean. Ikusitakoa, gogotik txalotu zuten herritarrek.