Erraustegiaren lizitazioa gelditzea eta parte hartze prozesu bat zabaltzea eskatzeko manifestazioa deitu du azaroaren 26rako Donostian, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeak. Laster, zehaztasun gehiagoren berri emango duten arren, ohar bidez, ekimen honen helburu nagusiak aurreratu ditu GuraSOSek. "Mobilizazio honen helburua erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eta parte-hartzeko prozesu bat irekitzeko eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzea da", adierazi dute. Gizarte osoari dei egiten diote, "bere ahotsa entzunarazi dezan".
Aipatu moduan, laster, mobilizazio honen inguruko xehetasun gehiagoren berri emango dituzte. Halere, prestaketa lanak abiatu dituztenez, laguntzarako deia zabaldu dute. "Zu ere zure herrian ekimen hau bultzatzeko prest bazaude, jarri harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatziz", adierazi dute.