Usurbilgo udal gobernu taldea: "Herriaren hitza errespetatzen eta errespetarazten saiatuko gara"

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 25a, 10:47

Herri adierazpen argitzat jo du Usurbilgo udal gobernu taldeak, erraustegiari buruz asteburuan egin den herri galdeketa. NOAUA!ra helarazi duten gutun bidez, herritarrek adierazitakoa Udalak jaso dutela diote. "Herri borondatearen ordezkari gisa, erraustegiaren mamua haizatzen dutenen aurrean, herriaren hitza errespetatzen eta errespetarazten saiatuko gara", adierazi dute, galdeketa honen antolaketa lanetan parte hartu duten guztiak eskertzearekin batera. Honatx udal gobernu taldearen gutuna, jaso bezala:

Herri adierazpen argia, entzun nahi duenak entzun dezan

Pasa berri den asteburuan, Erraustegia Erabakia taldeak antolaturik, herri galdeketa izan dugu Usurbilen, “erraustegia egitea nahi al duzu?” galderari erantzuteko.

Denboran atzera eginda, gogora ekarri nahi dugu 1187 herritarren sinadurak aurkeztu zirela Udalean galdeketa bat aurrera eraman genezan. Kontsulta egiteko baimena eskatu genuenean, ukatu egin zitzaigun eskubide hori. Udalak aurrera eraman ezin zuen galdeketaren lekukoa herri eragileek hartu zuten, eta horregatik, zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizuegu zuzenean edo zeharka galdeketa honen prestaketan aritu zareten guztioi, herriari hitza emateko leihoa zabaltzea lortu duzuelako.

Atzo (igandean), oztopoen gainetik, hala nahi izan zuten herritarrek beren mezua argiki azaltzeko aukera izan zuten. Eta emaitzak ez die interpretazio okerretarako tarterik uzten erraustegia egitearekin tematuta jarraitzen dutenei. 16 urtez gorako 2317 lagunek hartu zuten parte, eta hauetatik 2268k errauste planta ezartzearen aurkako jarrera erakutsi zuten.

Usurbilgo Udalak jaso du herriaren hitza. Eta, herri borondatearen ordezkari gisa, erraustegiaren mamua haizatzen dutenen aurrean, herriaren hitza errespetatzen eta errespetarazten saiatuko gara.

Hala egitea dagokigu, sinesmenez eta koherentziaz. Eta hala egingo dugu.

Udaleko gobernu-taldea