Emakumeen bigarren topaketa gaur, "Kale Irekiak" egitasmoaren baitan

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 08:55

Duela astebete Potxoenean antolatu zuten bideo proiekzio eta hausnarketa saioaren ostean, asteazken honetarako ibilaldi bat egitea proposatzen dute, "Kale Irekiak" Usurbilgo espazio publikoa berrantolatzeko Usurbilgo Udalak Urak Bide arkitektura taldearekin elkarlanean antolatu eta abian duten parte hartze prozesuaren baitan. "Usurbilek txoko ugari ditu, baina, ez dira denontzako aproposak. Aztertu ditzagun bada ibilalditxo bat egiten dugun bitartean, eta ireki ditzagun guretzako itxiak direnak; positiboz eta negatiboz jantziko dugu herria hausnarketa egiten dugun bitartean", iragarri dute.

Abian den prozesu honetan herritarrek parte hartzea ezinbestekoa dela gogorarazten dute.

Zer eman dute lehen saioek?

Urak Bide: Urriaren 28an, Mikel Laboa plazan eman genion prozesuari hasiera. Bertan, udal teknikari, zinegotzi eta Urak Bideko teknikariok usurbildarrei zuzenean prozesuaren berri emateko aukera izan genuen. Aipatu beharra dago harrera paregabea egin zigutela herritarrek eta interes handia erakutsi zutela gaiaren inguruan. Gainera, adin ezberdineko haur, gizon zein emakume ugari gerturatu zen guregana, eta hori oso garrantzitsua da denontzako Usurbil hobe bat eraiki nahi badugu.

Geroztik, Usurbilgo egungo diagnosia gauzatu dugu elkarlanean: herriko txoko atseginenak, indartu beharreko guneak, arazoak, hobetu beharrekoak espazioak, mugikortasun aukerak eta arazoak, gune potentzialak, … Horretarako, ezinbestekoa izan da diagnostikoa burutzen gogotsu aritu diren 46 herritarren lana; hain zuzen ere, aurrerantzeko lanaren oinarria.


Badira herritarren artean sarritan errepikatu diren proposamen, kezka edo hobetu beharrekoak?

Hainbat eta oso anitzak izan dira herritarrek egin dituzten ekarpenak; baina, bai! Diagnostikoaren helburua adostasuna bilatzea ez bazen ere, orokorrean, Usurbilek toki atsegin asko dituela eta gustuko dituztela antzematen da. Gainera, antzerako arazoak identifikatu dituzte herritarrek; nahiz eta proposamenak oso izaera ezberdinekoak izan.

Aginagako kasuan, adibidez, mugikortasuna, segurtasuna, argiztapena eta erdigunea eraberritzeko beharra izan dira gehien errepikatu diren gaiak. Zubietan, aldiz, trafikoa berregituratzea, Oria ibaiarekin eta naturarekin harremana berreskuratzea eta oinezko zein bizikleten lotura segurua bermatzea Usurbilgo erdigunearekin. Bestalde, erdigunean guneen arteko konexio falta izan da gehien errepikatu dena. Udaletxeko plaza eta Kale zaharra indartzea, Askatasuna plazaren diseinua, bidegorri sarearen antolaketa eta aparkaleku beharra ere hainbatetan aipatu dira. Azkenik, Santuenean eta Txokoalden ere izan da ekarpenik; gainontzeko auzoekin lotura egokiaren beharra izan da gehien errepikatutakoa, baita Txokoaldeko erdigunea egokitzeko beharra ere.


Zer berezitasun ditu batzarrak burutzeko baliatzen duzuen formulak eta zer harrera izan du?

Jakin badakigu hirigintzako erabakiak herritarrak hartzea ez dela oso ohikoa; HAPO, berrantolaketa, espazio publikoa edota mugikortasuna bezalako kontzeptuak arrotzak dira askorentzako. Horrek, parte hartze saioetara gerturatzeko erreparoa sortzen du; ezer ulertuko edo zer esanik izango ez dudanaren beldurra. Horregatik, gure bilerak ariketa dinamiko ulerterraz eta giro atseginean burutzen ahalegintzen gara; bertaratutakoak talde txikietan batuz eta teknikariok ariketak errazteko bidelagun izanez eta ez hitzaldi luze eta aspergarrien hizlari.


Zergatik da herritarren parte hartzea ezinbestekoa egitasmo honetan?

Zenbat eta jende gehiagok parte hartu orduan eta aberatsagoa izango da proposamena eta orduan eta jende gehiagoren beharrei erantzungo die.

Hurrengo saioen egutegia

Urriak 26, asteazkena

18:30 Emakumeon topaketa Potxoenean: Ibilaldia herrian zehar. "Usurbilgo Udalak martxan jarri duen "Kale Irekiak" proiektuan lehendabizi nolako Usurbil nahi eta behar dugun erabakiko dugu herritarrok parte hartze bidez. Usurbilek txoko ugari ditu, baina, ez dira denontzako aproposak. Aztertu ditzagun bada ibilalditxo bat egiten dugun bitartean, eta ireki ditzagun guretzako itxiak direnak; positiboz eta negatiboz jantziko dugu herria hausnarketa egiten dugun bitartean".

Azaroak 2, asteazkena

18:30 Batzarra Potxoenean: "Aurreko egunetako lan-saioetan sortu eta aztertutako materialean oinarrituta konponbideak, hobekuntzak eta aldaketak proposatuko ditugu; herritarron bizitza atseginagoa eta errazagoa izan dadin lagunduko dutenak. Zeuk ere baietz proposamenen bat izan? Animatu parte-hartzera!".

Otsailean...

Plan Zuzentzailea egingo da eta "espazio urbanoaren inguruan proposatu dituzuen aldaketak aurkeztu eta herriarentzat lehentasuna dutenak zeintzuk diren erabakiko dugu orduan".

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.