Udalaren jardunari eta herritarren poltsikoei eragingo dien zenbait neurri hain zuzen. Batetik, 2019ra arteko udal langileen lan baldintzen hitzarmen berria onartu dute. Udal gobernu taldeko eta udal langileen ordezkaritza banak, azken hilabeteotan izandako negoziazio eta elkarlanaren emaitza dela aipatu dute gaur arratsaldean egin den osoko ohiko bilkuran. 2017. urterako taxi-tarifa berriak ere onartu ditu udalbatzak. Azken 3 urteotan egin duten moduan, urte berrirako ere ez dute igoerarik aplikatuko. Taxi-tarifak bere horretan mantenduko dituzte. 2017rako zerga-ordenantza ere hasieraz onartu du udalbatzak gehiengo osoz. Kasu honetan ere, orokorki igoerarik ez du aplikatuko udal gobernu taldeak. Badira ordea bi salbuespen nagusi; batetik, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ edo erdaraz "IBI" delakoa). 15 urteren ostean, Aldundiak etxebizitzen eta industrien balio katastrala errebisatu du. Landa eremuko etxebizitzena ez. Eta aldaketak izango dira ordaindu beharreko kopuruetan.
Udalak halere, balio katastralean egon daitekeen aldaketa neutralizatuko duela iragarri dute udal gobernu taldetik. Aldaketa hau "Udalak ez du baliatuko diru gehiago jasotzeko". Alegia, zerga honetatik Udalak jasoko duen diru-sarrera iazko bera izango da. Partikular batzuei ordea, agian gehiago ordaintzea egokituko zaie, beste batzuei gutxiago. Azaroan, balio katastralaren datua gutun bidez helaraziko zaie egunotan etxe jabeei. Abenduan, Aldundian eta Usurbilgo Udalean gai honi buruzko argibideak jaso eta interesdunek desadostasunak izanez gero, horiek ere argitzeko aukera izango dute, gobernu taldetik osoko bilkuran berri eman dutenez.
Udal gobernu taldetik argi utzi dute, zerga honetan izango den gorabehera, ez dela "Udalak bere kabuz hartutako erabakia", beste erakundeek hartutako erabakien eraginez ezinbestean hartu behar izan dutena baizik.
Erraustegiaren ingurumen baimena, auzitara
Gauza bera gertatu da, hondakinen tasaren kasuan ere. Hondakinen tasa Udalak Ordenantza Fiskalak aplikatzeko lehenetsi duen irizpide orokor horretatik salbuetsita dago baita. Kasu honetan, udal gobernu taldetik aipatzen dutenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eta San Marko Mankomunitatea kudeatzen duten alderdiek hartutako erabakien eraginez. Erreusaren eta organikoaren tratamenduari loturiko tasak nabarmen igo baitituzte, udal gobernu taldearen esanetan, erraustegia finantzatzeko, Zubietan eraiki nahi duten plantak eragindako zorra ordaintzeko. Gastu hauei aurre egitera behartua dago Udala ordea. Eta kasu honetan, hondakinei loturiko tasa igoko du, "gehien sortzen duenak gehien ordaintzeko" irizpidea aplikatuz.
Erraustegia aipatuta; Eusko Jaurlaritzak GHK-ri emandako ingurumen baimen bateratua auzibidean errekurritzea berretsi du udalbatzak, gaur arratsaldeko osoko ohiko bilkuran. Gora jartzeko bi errekurtso aurkeztuak zituen Udalak aldez aurretik. Ez ziren onartuak izan ordea. Baimenaren aurka agertzen segitzeko nahiko arrazoi badaudela iritzita, auzibidera joko du Udalak orain. Abokatu eta prokuradorea izendatu dituzte.
Udalbatzak hartutako erabakiak
-2016/0995 dekretua berrestea: Erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua auzibidean errekurritzea.
Bozketa: EHBildu alde, EAJ aurka, PSE abstentzioa. Gehiengo osoz onartua.
-2017. urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak onartzea.
Bozketa: EHBildu, EAJ eta PSE alde. Aho batez onartua.
-2017ko zerga-ordenantzak behin behingoz onartzea.
Bozketa: EHBildu alde, EAJ eta PSE abstentzioa. Gehiengo osoz onartua.
-Usurbilgo Udaleko Langileen Lan-Baldintzak Arautzen dituen Akordioa (2016-2019) onartzea.
Bozketa: EHBildu alde eta PSE alde, EAJ abstentzioa. Gehiengo osoz onartua.