Usurbilgo Udalak auzitara eramango du, erraustegia eraikitzeko ingurumen baimen bateratua

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 12:35

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak erraustegia eraikitzeko ingurumen baimen bateratua eman zion udaberrian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK). Gogoan izango duzue, errekurtsoak aurkezteko epearen baitan, Usurbilen eta Zubietan soilik milatik gora errekurtso aurkeztu zituztela herritarrek bi eguneko tartean. Errekurtso gehiago Gipuzkoako beste hainbat udalerrietan. Usurbilgo Udalak bere aldetik ere, gora jotzeko bi errekurtso aurkeztu zituen Jaurlaritzako aipatu sailean, maiatza eta ekaina artean. Bi errekurtso horiek ez zituzten aintzakotzat hartu Gasteizek. Egoera honen aurrean, auzibidera jotzea erabaki du Usurbilgo Udalak; "2016ko irailaren 26ko agindua, ingurumen eta lurralde politikako sailburuarena, Usurbilgo Udalak ingurumeneko sailburuordearen 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren inguruan aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka, Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurritzea, Udal honen interesak defendatuz". Usurbilgo Udala auzi honetan ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu dituzte.

Astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkuran, dekretu bidez hartutako erabaki hau berretsi zuen udalbatzak gehiengo osoz, EHBilduren aldeko botoekin. EAJ-PNV aurka agertu eta PSE abstenitu zen.

Udal gobernu taldetik egokitzat jo zen gora jotzeko aurkeztutako bi errekurtsoen aurrean ezezkoa jaso ostean, auzibidera jotzea. Nahikoa arrazoi bada eta. "Arrazoiak 10 bat" aipatzen zituzten udal gobernu taldetik. Besteak beste, 2010ean eman zen baimenaren luzapena dela Jaurlaritzak udaberrian GHK-ri emandakoa, nahiz ordutik erraustegi planta eraikitzeko proiektuan aldaketa esanguratsua izan den. "Baimen berri bat eskatuko luke horrek, bain ez da egin, lehengoa berrerabili da", zioen Xabier Arregi alkateak, atzoko osoko ohiko bilkuran. Baimenak ez dituela hainbat baldintza betetzen ikusita, eta erraustegiak herritarron osasun eta ingurumenean izan dezakeen eragina aintzakotzat hartuta, gaiak mamia duelakoan, egokitzat ikusi du Udalak, baimen honen aurka auzibidera jotzea.