Usurbilgo udal langileek lan hitzarmen berria, 2019. urtera arte

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 09:55

Usurbilgo Udaleko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz, astearte arratsaldean eginiko osoko ohiko bilkuran, EHBilduren eta PSE-ren aldeko bozkekin, EAJ abstenitu zen. Lau urteko iraupena izango du lan hitzarmen berriak; 2016ko urtarrilaren 1etik 2019a amaitu arteraino izango da indarrean.

Udal gobernu taldeko eta udal langileen ordezkaritza banak, azken hilabeteotan eginiko negoziazio lan luzearen emaitza da, onartu berri den akordioa. Emaitza bezala, akordio hau lantzeko prozesua positiboki baloratu du udal gobernu taldeak, atzo egindako osoko ohiko bilkuran. "Elkarlanerako giroa egon da", Xabier Arregi alkateak zioenez. Aurreko akordioa hartu dute abiapuntutzat, eta erantsi zaizkion aldaketak, udal langileen ordezkaritzaren aldetik eginiko eskaerak izan dira. Esaterako, bizi dugun egoera ekonomiko aldakor honetan, lau urtean behin egin ordez, aurrerantzean urtez urte errebisatuko dira udal langileen soldatak. Gutxieneko igoera KPI-ak zehaztutakoa izatea adostu da. Jaitsiera egongo balitz, ez aplikatzea. Eta langile bat iraupen luzeko bajan dagoenean, lehen 10 hilabeteetan soldataren ehuneko ehuna kobratzea. Hortik aurrera, %90a.

Langile eta zerbitzu publikoen defentsan

Ibilbide luzea duen lan hitzarmen honi eutsi eta jarraipena ematearen garrantzia defendatu zuen udal gobernu taldeak astearteko osoko ohiko bilkuran. "Zerbitzu publikoen eta langile publikoen defentsarekin " bat egiten baitu lan hitzarmenak. Lan baldintza duinak eta langileen eskubideak zaintzen ditu, osoko bilkuran aipatu zutenez. Nahiz testuinguru ekonomikoa aldatu den azken urteotan, eta murrizketek "defentsa hori egitea zaildu duen". Eta horri, Madrildik datozen ezarpenak batu behar. Halere, "baldintza itogarri batzuk onartzera behartuak" egon arren, akordio berriak ez da dakar lege urraketa berririk, "ez da aurrekoa baino lege urratzaileagoa" udal gobernu taldearen esanetan.

PSE-ko ordezkari Fermin Orue-Echevarriarentzat ere pozgarria da, akordio hau onartzeko udal langileen eta udal gobernu taldearen artean egon den adostasun maila handia. Pozgarria ere, lan hitzarmen berriak langileon etorkizuna ziurtatzen baitu. Baldintza hauetan, PSE-ko bozeramaileak zioenez, "askoz hobeto lan egiten da". Eta honenbestez, herritarrek ere zerbitzu hobea jasoko dute.