Igoera orokorrik ez, 2017ko udal zerga-ordenantzan

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 10:24

Herritarren poltsikoentzat berri ona. Azken urteotan bezala, Usurbilgo Udalak ez du igoera orokorrik aplikatuko 2017ko zerga-ordenantzan. Erabakia udalbatzaren gehiengo osoak babestu zuen, asteartean egin zen osoko ohiko bilkuran. EHBilduren aldeko botoekin onartu zen hasieraz, 2017rako zerga-ordenantza. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Udalbatzak hartutako erabakiari erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea izango da, erabakia udal iragarki taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. "Jendaurreko erakusketako epealdia amaitu ondoren, Udal Korporazioak behar diren behin betiko erabakiak hartuko ditu, aurkeztu izan diren erreklamazioak ebatziz eta Ordenantzaren behin betiko idazketa, beren indargabetzea edo eta, behin behineko akordioan aipatutako aldarazpenak onetsiz. Erreklamaziorik aurkezten ez deneko kasuan, ordura arte behin-behinekoa zen erabakia behin betiko hartutzat ulertuko da".

OHZ-ren errebisioa

Aipatu moduan, 2017ko zerga-ordenantzan ez du igoera orokorrik aplikatuko Usurbilgo Udalak. Baina badira zenbait salbuespen. Udal gobernu taldetik argitzen dutenez, badira beste erakundeek hartutako erabakien eraginez aplikatu beharko dituen zenbait igoera. "Ez dira Udalak bere kabuz hartutako erabakiak", nabarmentzen dutenez. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ edo erdarazko "IBI") da hain zuzen, arau orokor horretatik salbuetsia geratuko den zergetako bat.

15 urteren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiak etxebizitza eta industrien gaineko zerga hau errebisatu du, landa eremukoa ez, eta honek aldaketak dakartza noski. Usurbilgo Udalak ordea, egon daitezkeen gorabeherak neutralizatu asmo ditu. Balio katastrala igotzen den kasuetan, zerga honi loturiko tipoa murriztuko du. Eta alderantziz, balio katastrala murrizten den kasuetan, tipoa igoko du. Zerga honen bidez, "Udalak jasoko duen diru kopurua iazkoa izango da. Udalak ez du errebisio hau, diru gehiago biltzeko baliatuko" argitu dutenez. Hortik aurrera, etxejabe bakoitzaren kasuaren arabera, batzuei gehiago ordaintzea egokituko zaie, besteei gutxiago.

Balio katastralaren datua gutun bidez helaraziko zaie egun eta asteotan etxejabeak diren herritarrei. Desadostasun edo zalantzarik izan edo argibide gehiago behar izanez gero, abenduan gai honi loturiko informazio zerbitzua eskainiko dute bai Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita Usurbilgo Udalak ere.

Hondakinen tratamenduaren garestitzea

Hondakinen tasa, zergak bere horretan uzteko arau orokor horretatik at geratu da baita. Kasu honetan, udal gobernu taldetik aditzera eman dutenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, San Marko Mankomunitateak eta bi erakundeotan agintzen ari diren alderdien erabakien ondorioz. Azpimarratu dutenez, organikoa eta erreusa tratatzeko tasak nabarmen garestitu dituzte, gobernu taldearen esanetan, erraustegiak eragindako zorra ordaindu ahal izateko. Tratatzen den organiko tona bakoitzeko tasa %92 garestitu dute (72 eurotik 138 eurora), eta tratatzen den erreus tona bakoitzeko tasa %20 (144 eurotik 173 eurora). Guztira, %48 hazi da defizita, 62.000 euro gehiago ordaindu beharrean aurkitu da Usurbilgo herria.

Honek berez defizitarioa den zerbitzuaren garestitzea dakar,  eta "Udalak ezin du bere gain hartu". Neurriak hartu beharrean aurkitu direla adierazi digute udal gobernu taldetik. "Gehien sortzen duenak, gehien ordaintzeko irizpidea" baliatu asmo du Udalak defizit honi aurre egiteko. Etxeko eta komertzioetako hondakinen tasa moldatu dute, "defizit horren jatorria" eremu honetan kokatua baitago gobernu taldearen esanetan.

Zenbakietara joanda, adibide moduan, organikoa konpostatzen ez duen herritarrak, orain arte 84 euro ordaintzen bazituen urteko, 2017an 99 euro ordaindu beharko ditu. Gutxiago, aipatu moduan, organikoa konpostatzearen bidez tratatzen dutenek. Hondakinen tasa garestitu arren, orain arte bezala, aurrerantzean ere, Usurbilgoak inguruko herrietako hondakin tasarik baxuenetarikoa izaten segiko du.

Hileta zerbitzuak

Aipatzeko azken aldaketa, hileta zerbitzuei loturikoa. "Lurretik edo hobitik ateratzeak, Udalaren beharraren arabera egiten bada, ez du tasarik izango", Udalak ohartarazi duenez. Ezta "emakidan erreskateen ondorioz hilerri berrian esleitutako panteoitako ehorzketek ere". Tasa kobratuko da aldiz, "lurretik edo hobitik ateratzeak, eskaera partikularraren ondorioz egiten bada".