Usurbilgo kultur sortzaileak biltzeko batzarra deitu dute

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 10:15

Bilera irekia deitu dute astelehenerako, urriak 31, 19:00etan Potxoenean. “Herrian kultur sortzaileen inguruko mugimendu moduko bat sortu nahian lanean gabiltza”, berri eman dute. Lanketa honi lotuta deitu dute aipatu bilera, batzar irekia, lehen ekarpenak egin eta ideiak proposatzeko.

Gai honi lotuta, eta deialdi hau egin baino lehen, Ugaitz Agirre herritarrak gai honi loturiko idatzia helarazi zuen NOAUA!ra. Ondo baino hobeto azaltzen ditu deitu duten batzarraren zergatiak eta helburuak:

Herriko kultur sortzaileei (eta interesatuei)

Normalean horrelako ideiak jan edota edanaren bueltan aipatzen dira, eta gero, ajeak edota betekadak beraiekin ematen ditu. Baina pena merezi duela iritzita, publiko zabalari zuzentzera ausartzen naiz. Kontua zera da: Usurbilen kultur sortzaileen potentziala oso handia dela pentsatzen dut, edozein delarik ere arloa: musikariak, antzezleak, argazkilariak, margolariak, marrazkilariak, idazleak, artisauak, eskulturgileak, koreografoak... Seguru bateren bat ahaztu dudala; barka diezadala.

Baina iruditzen zait, eta beharbada nire irudipena da eta oker nabil, elkarren arteko harremana oso mugatua dela, zirkulu hurbiletara mugatzen dela. Lehen aipatutako potentzial indibidualak, ordea, gauza berri eta interesgarriak sor ditzakeelakoan nago elkarren arteko harremana egin eta estutuz gero. Kilometroetako aurkezpen ekitaldia horren lekuko dugu. Baina dena ez da gauza erraldoiak eta espektakularrak egitea, gauza txikiek ere handiek bezain besteko indarra izan dezakete.

Beraz, idatzi xume honekin herriko kultur sortzaileei zuzendu nahi natzaie gure arteko harremanak egin eta oraindik gehiago estutzeko asmoarekin. Eta ea behingoz, egingo-di(n)agu-tik harago joaten garen eta herri honi sortzeko eta egiteko gai garen guztia (edo ia guztia) erakusten diogun. Interesatuta egon daitekeenari, kalean ikusi eta elkartuko gara eta pixkanaka joango gara proiektu honi itxura eta forma ematen.

Ugaitz Agirre