“Gurasoen hizkuntza-ohiturak bereganatzen dituzte ikasleek”

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 10:05

Azken urteotan gazteleraren erabilera areagotu dela ikusita, familia barruko hizkuntza erabileran eta transmisioan eragin nahi dute Udarregi Ikastolak eta Etumeta AEK euskaltegiak. Horregatik, Usurbilgo Udalaren laguntzaz, gurasoak euskalduntzeko ikastaroa antolatu dute. Ostiral hau, urriaren 28ra arteko tartea dute 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoen aita amek, ikastolan bertan edo euskaltegian matrikulatzeko. Azaroaren 14tik maiatzera luzatuko den ikastaroa, astean bi ordukoa izango da. Ikastolan eskainiko du, euskaltegiko irakasle batek. Matrikulatzen direnei, azaroaren 3an egingo zaie mailaketa proba. Ikastaroan parte hartzera animatzen dute, eremu honetan lanean diharduen Udarregi Ikastolako HIZPRO lan taldetik.

Zertan eragin nahi duzue ikastaro honen bidez?

HIZPRO: Gurasoak euskalduntzea eta familien erabileran eragitea.

Ikastaroa zergatik gurasoentzat?

Gurasoak seme-alaben eredu dira, ez dugu zalantzarik egiten edozein zaletasun transmititzeko duten gaitasunean; hala nola, kirolzaletasuna, irakurzaletasuna... Hortaz, edozein hizkuntzarekiko izan dezaketen jarrera transmititzeko gai dira, baita noski, euskararekiko jarrera positiboa ere.

Ikastolak begi onez ikusi du AEKrekin elkarlanean ikastaro hau antolatzea. Udarregi Ikastolan, HIZPRO lan-taldean eremu honetan lanean zabiltzate lehendik ere. Zein da lan-talde honen egitekoa?

Ikastolan euskara ardatz izanik, ikasle eleanitzak sortzen laguntzea da gure xedea. Bestalde, ekintza ezberdinak antolatzen ditugu (Euskararen Eguna, guraso eskolak, hizkuntza jolasak, motibazio saioak eta esamoldeen lanketa…) erabilera bultzatzeko eta euskararekiko jarreretan eragiteko.

Azken urteotan erdararen erabilera areagotu omen da gurasoen artean. Hala al da? Zer giro sumatzen duzue?

Ikastolaren inguruan gero eta gehiago entzuten dugu eta azken 6-7 urte hauetan gazteleraren erabilera areagotu da. Hori horrela izanik, iaz hiztun neurketak burutu genituen eta datu adierazgarriak jaso genituen.

Erdararen erabileraren areagotzeak eraginik ba al du ikasleengan?

Jakina. Maila akademikoan antzematen da eta azken ebaluazio diagnostikoan jasotako emaitzak horren isla izan ziren. Lehen aipatu bezala, gurasoak eredu diren heinean, euren hizkuntza-ohiturak bereganatzen dituzte ikasleek.

Urriaren 28ra arte dago ikastaroan izen emateko epea. Zer profiletako gurasoak erakarri nahi dituzue ikastarora?

2-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek erakarri nahi ditugu. Izan ere, hauek izan daitezke seme-alabengan eragin handien izan dezaketenak.

Besterik erantsi nahi?

Gurasoak animatu nahi ditugu horretara, ikastolako parte garrantzitsu direlako eta ikastolak dituen helburuetan ezinbesteko direlako.

Izena eman edo informazio gehiagorako:

Nagusia, 43

607 609 379

usurbil@aek.eus

muntteri.blogspot.com.es