Igande goizaldeko 03:00etan 02:00ak izango dira

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 28a, 08:34

Neguari atea zabalduko dion urteroko tramitea egiteko unea heldu da. Erlojuak ordubete atzeratu beharko ditugu asteburuan. Igande goizaldeko 03:00etan 02:00ak izango dira. Ordubete gehiago beraz, parrandarako nahiz lotarako. Gauak luzatzen ari diren honetan, lehenago argitu eta ilunduko du igandetik aurrera.

2017ko jaien egutegia

Hurrengo ordu aldaketa 2017ko apirilean izango da. Urte berrirako jaien egutegia ere finkatua dago. Gogoan izan, aldaketa nabarmen bat badela. Usurbilgo jai eguna, urtero uztailaren 2a izan ohi da, Santixabel Eguna. 2017an ordea ez da hala izango. Datorren urteko Usurbilgo jai eguna, ekainaren 30a izango da, egutegi arrazoiengatik. Urtebete barru, festetako egun nagusia, uztailaren 2a, igandez egokituko da. Eta honenbestez, Usurbili dagokion beste jai egun bat hautatzeko aukera zuen Udalak. Ekainaren 30a proposatzen du udal gobernu taldeak, aldaketarik ez bada, herri hau urtebete barru Santixabeletan murgildua egongo den asteburuko lehen eguna izango baita.

2017ko Usurbilgo jai egutegirako aldaketa proposamen hau, maiatza amaieran egin zen osoko ohiko bilkuran aurkeztu zuen EHBilduk. Aho batez onartu zuen udalbatzak. Aldaketa honek, 2017ko egutegiari eragingo dio soilik.

Urtarrila: 6 (Jaunaren Agerkundea).

Apirila: 13 (Ostegun Santua), 14 (Ostiral Santua), 17 (Pazko Astelehena).

Maiatza: 1 (Langileen Eguna).

Ekaina: 30 (usurbildarron jai eguna).

Uztaila: 25 (Santio Eguna), 31 (San Inazio Eguna).

Abuztua: 15 (Andre Mariaren Jasokundea).

Urria: 12 (Hispanitatearen Eguna).

Azaroa: 1 (Santu Guztien Eguna).

Abendua: 6 (Espainiako Konstituzioaren Eguna), 8 (Andre Maria Sortzez Garbiaren Eguna), 25 (Eguberri Eguna).