Erraldoi eta Buruhandien Konpartsakoen kalejira, Artisautza Azoka egunean

Noaua Aldizkaria 2016ko urr. 28a, 09:47

Azaroaren 1erako Aitzaga Elkarteak antolaturiko 21. Artisautza Azoka girotuko du Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak. Sare sozialen bidez iragarri dutenez, eguerdiko 12:00etan abiatuko dira udaletxe aurreko plazatik eta herri erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte; Joxe Martin Sagardia plaza, Kale Nagusia, Zubiaurrenea kalea, Artzabal parkea, Puntapax kalea, Kontseju Zaharra kalea, Irazu kalea, Usurbilgo frontoia, Irutasun kalea, Joxe Martin Sagardia plaza. Herritarrei kalejiran parte hartzera animatzen diete, urteko azken irteeretakoa izango baitute, Artisautza Azoka egunez. "Kaixo guztioi! Urteko azken irteeretan sartu gara. Baina gogoz gabiltza! Datorren asteartean, azaroak 1, Aitzaga Elkarteak antolatu duen Artisautza Azokan parte hartuko dugu. 12:00etan aterako gara udaletxeko plazatik, eta gure betiko ibilbidea egingo dugu. Guztiok gonbidatuak zaudete gure erraldoi eta buruhandiekin, dantzan eta korrika aritzeko. Animatu zaitezte, azkenetan gabiltza eta!!!", luzatu dute gonbita.

Frontoia artisauen bilgune, azaroaren lehenean

Aitzaga Elkarteak 21. Artisautza Azoka antolatu du azaroaren 1erako. Denetariko 30 bat artisau postu bilduko dira frontoian. Postuetatik barrena osteratxoa eta erosketak egin, eta hamaiketako goxo askoa dastatzeko aukera izango da, herriko talogile taldearen eskutik. Bitxigintza, larrugintza, harriak, ukenduak, keramika, otargintza, egur lanketa... denetariko postuak izango dira. Guztia, azaroaren lehenean, goizeko 11:00etan hasita pilotalekuan.

Herriko tabernen auzia: “Oraindik nola gauzatuko den ikusteke dago”

21. Artisautza Azokako antolatzaileak ditugu Aitzaga Elkartekoak. Herriko tabernen auzian da Aitzaga. “Aitzagak Madrilgo epaitegiek duela urtebete hartutako ebazpena ozen salatzen du, bere elkartearen eta beste 100 bat elkarteren lapurreta legala baino ez zilegia bideratzen baitu, oraindik nola gauzatuko den ikusteke dagoen arren”, gogorarazi dute Aitzaga Elkartetik.

21. Artisautza Azoka

Eguna: azaroak 1, asteartea.

Ordutegia: 11:00etan hasita.

Tokia: frontoia.

Zehaztasunak: "Aurtengoa XXI. Artisau Azoka izango da. Frontoian hogeita hamar postu izango dira: bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, zeramika, otarregintza, metalgintza... Baserri giroko azoka ere egingo da, eta txorizo eta taloa jateko aukera izango da".

Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.