Ibilbide luzea du artisau gisa, txikitatik baitatorkio eskulanez sortzeko zaletasuna. Eta egindakoa plazaratzera doa, azaroaren 1eko Artisautza Azokan. Uxue Altuna herritarraren postua aurkituko duzue Aitzaga Elkarteak antolaturiko ekimenean. Aurrez, bere ibilbidea ezagutzeko aukera izan dugu lerrootan. Facebook sare sozialean aurki ditzakezue Uxueren sortze lanak, Tilin Talan izeneko orrialdean.
Aspalditik datorkizu zaletasuna?
Uxue Altuna: Txikitatik beti izan dut eskuartean zerbait, beira-aleekin, brotxearekin fieltro izeneko oihalarekin aritu naiz eskulanetan. Pixkanaka aldatzen joan naiz, bururatzen zitzaidan ideia horrekin gauza desberdinak egiten joan naiz, oso eskuragarri nuen material xumearekin.
Zer sortu duzu?
Denetarik. Batzuetan nonbait zerbait ikusi, esan dut ia gai naizen hori egiteko eta egin dut. Gertatu izan zait baita ere materiala lortu, egiten hasi naizena ikusi eta gauza desberdin gehiago sortzea. Material birziklatuarekin ere egin izan ditut gauzak.
Egindakoa behin baino ez duzu ikusgai jarri. Ez duzu beharrik sentitu sortutakoa jendearekin partekatzeko?
Ikaragarri gustatzen zait partekatzea, baina gehiago izan da neure gertuko jendearekin. Jende gehiagori neure eskulanak zabaltze horrek beldur pixka bat sortzen dit. Zergatik? Azkenean baten batek eskatzen badizu zerbait egiteko, beldurra ematen didalako zaletasun edo plazarrez egiten den gauza bat izan beharrean, egin beharreko lan bat bezala hartzea.
Zer eboluzio izan du zure lanketak?
Sortzen dudan horretan baino nigan ikusten dut eboluzioa. Hasieratik plazerrez eta gozatuz egiten nuenez, gaizki atera arren etsi gabe, nola hobetu pentsatuz, bide horretan heltzen joan naiz. Pazientzia hori jorratzen joan naizela esan dezaket.
Artisauak txoko bat behar izaten du. Txoko preziatu bat izan duzu, edo bizilekua moldatu duzu?
Etxean zehar nomada izan naiz. Batzuetan egongelako lur guztia hartzen nuen, beste batzuetan neure gelakoa. Ez dut sekula izan halako txoko berezirik, nahiz beti izan dudan ideia hori.
Irudika dezagun zure postuak izango duen itxura. Zer izango dugu ikusgai?
Egiten ari naizen modu ezberdinetako turbanteak, estanpatu bakarrarekin. Material ezberdinekin eginiko belarritakoak izango ditut, eskumuturrekoak, lepokoren bat edo beste, brotxeak, eta pinak. Bitxiak eta osagarriak gehienbat.
Artisautza lanotarako baliabideek ere kostu bat dute. Zaletasun garestia da?
Gaur egun zorionez lanean nabil, irakaslea naiz. Ordain ditzaket gastuak. Orain arte gurasoen laguntza izan dut. Beraiek beti ikusi dute gustatu zaidala halako gauzetan aritzea eta neurri batean haiek lagundu naute.
Azoka batek zertarako ematen dio aukera artisau bati?
Sortutakoa saltzea, eta beste diru-iturritxo bat izatea ondo dago, baina gehienbat jendearen erreakzioa ikusi nahi dut, neure postua ikusten dutenean zer komentario entzuten ditudan, zer aurpegi jartzen dituzten. Hori guztia ikusteko gogotsu nago.
21. Artisautza Azoka, azaroaren lehenean
Bitxigintza, larrugintza, otarregintza, metalgintza… Artisau ogibide ezberdinen bilgune izango da frontoia.
-Eguna: azaroak 1, asteartea.
-Ordutegia: 11:00-14:00.
- Tokia: Usurbilgo frontoia.
-Aitzaga Elkartea.