Joan den irailaren 27an eginiko Tokiko Gobernu Batzarrean hasieraz onartu zuen Usurbilgo Udalak, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuari dagokion Urbanizazio Proiektua". Alegazio epean da orain, asteazken honetako, azaroaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Udalak iragarri duenez. 20 eguneko epea dute interesdunek, "proiektua aztertu, eta hala badagokio, bidezko alegazioak aurkeztu ditzaten".
Alegazio epean dira baita, irailaren 30ean alkateak dekretu bidez hasieraz onartutako "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuari dagokion Barne Erreformako Plan Bereziaren 1. Aldaketa" eta "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuko garapena bideratzeko Hirigintza Hitzarmena". 20 egun dituzte baita interesdunek, proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko.
Ugartondo eremuan eraikitzea aurreikusten den etxebizitza egitasmo berria, bistan denez, aurrerabidean da. Gogoan izan, Usurbilgo Gaztetxea kokatua dagoen eremuan gauzatuko direla bizilekuok.