2016. urte amaierako plangintza aurkeztu du Andatza M.K.T.-k, aurreikusi baino ekitaldi gehiagorekin. Urtero moduan, hilabete amaierarako antolatu duten Mendi Astearekin aurtengo eskaintza borobiltzea aurreikusia zuten. Baina azkenean, "bazkideen gogoak ikusirik, abenduan eta urtarrilean ere mendi irteerak antolatzea erabaki da".
Mendi irteeroi, 2017rako txangoek emango diete jarraipena. Urte berriko mendi irteeren egitaraua hain zuzen, herritarren proposamenekin osatu nahi dute. Ekarpenak egitera animatzen gaituzte. "2017ko egitaraua prestatzen hasi behar dugu eta ibilbideak proposatzea eskertuko genuke. Buruan duzun mendi irteera hori aurkeztu ezazu ahal den xehetasun eta ezaugarri gehienekin. Krokisa edo mapa, ibilbidearen luzera, abiapuntua, amaiera tokia eta igotzen diren lepo edo gailurrak oso datu interesgarriak dira ibilaldia aurkezterakoan. Proposatzen dituzun ibilbideak aurkezteko Andatza Mendi Elkarteko egoitzan aurkituko gaituzu ostegunetan arratsaldeko 19:00etan. Andatzako (andatza@hotmail.com) e-postara bidali ditzakezu iradokizunak edo Andatzako lokaleko buzoian utzi", berri eman dute Andatza M.K.T.-tik.
Mendizaleen urte amaiera
Azaroak 23, asteazkena
19:30 Mendi Astea: "Andatzakoak Ordesako Monte Perdidon" proiekzioa Sutegiko auditorioan:
Zehaztasunak: "2016ko irailaren 9tik 11ra, 40 mendizaleek Ordesara egindako irteeraren ikusentzunezkoa ikusteko aukera izango dugu. Lehenengo egunean, Senda de los Cazadores, Mirador de Carcilarruego, Faja de Pelai eta Soasoko zirkotik Gorizeko aterpera (2.200 m) iritsi ginen. Hurrengo egunean, Gorizeko aterpetik abiatuta, laku izoztutik pasa ondoren Monte Perdidoko gailurra (3.355 m) egin genuen 40 mendizaleok. Azkeneko txangoan Carriatatik Faja Racunera eta Cotatuero zirkora abiatu zen talde bat eta Salaronseko klabijetako igoera ezagutzeko bidea hartu zuen beste taldeak".
Sarrera: doan.
Azaroak 25, ostirala
19:30 Mendi Astea: "Autobabesa mendi jardueretan" hitzaldia Sutegiko auditorioan:
Hizlaria: Mikel Nogues, Segurtasun eta Larrialdi Kudeaketan Graduatua. DYAko Erreskate Arduraduna.
Zehaztasunak: "2015. urtean, 391 mendi-istripu gertatu ziren Euskadiko mendietan. Mendi-istripuak ekiditeko, baita istripu hauek gertatzen direnean hauen kalteak murrizteko ere, ezinbestekoa da jardueraren plangintza egoki bat egitea eta larrialdi baten aurrean nola jokatu behar den jakitea. Hitzaldi honetan, hortaz, mendi jarduera bat era seguruan egiteko beharrezkoa den plangintzaren eta larrialdi egoera baten aurrean izan behar dugun jokabidearen inguruan hitz egingo da".
Sarrera: doan.
Azaroak 26, larunbata: Mendi Astearen amaiera
08:00 Irteera Usurbilgo inguruetara frontoi atzetik.
Ondoren, bazkaria Patri jatetxean. Izen ematea, aurrez, Sutegin egingo diren Mendi Asteko ekitaldiak hasi baino lehen jarriko den mahaian. Mahai berean, 2016ko federatu txartelak berritzeko aukera egongo da.
Abenduak 11, igandea
Mendi irteera: Artikutzako trenbide zaharraren ibilbidea.
Zehaztasunak: "Azaroko Mendi Astearekin 2016ko egitaraua amaitutzat ematea aurreikusten zen, baina bazkideen gogoak ikusirik, abenduan eta urtarrilean ere mendi irteerak antolatzea erabaki da. Abenduaren 11n Oiartzungo Karrikatik abiatuta, Artikutzako trenbide zaharraren bidea ezagutuko dugu".
Informazio gehiago: andatza.com
Antolatzailea: Andatza M.K.T.