Odola emateko gonbita, datorren astelehenean

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 3a, 08:09

Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak bi hilean behin egiten duen deialdia hemen dugu, odol emate eguna. Hurrengo hitzordua, datorren astelehenean, azaroaren 7an, 18:00-20:30 artean anbulatorioan.

Odola emateko baldintza nagusiak

-18-70 urte artean izatea.

-50 kg baino gehiago pisatzea.

-Osasuntsu egotea.

-Gure odolaren bitartez besteei kutsa diezaiekegun gaixotasunen bat harrapatzea eragingo ligukeen inolako arrisku-jarduerarik egin ez izana.

-Zalantzak argitzeko: gotatanta.com edo gerturatu anbulatoriora, odol emate egunean.

-Odol emanaldien maiztasuna: urtean 3 aldiz.

Urtean zehar: bi hilean behin, lehen astelehenetan.

Informazio gehiago: gotatanta.com

Antolatzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.

Gripearen aurka txertoa hartzeko kanpaina

Beste urte batez, abian da gripearen aurkako txertoa hartzeko kanpaina. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kanpaina bereziki, 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei, haurdun daudenei eta osasun arloko langileei zuzendua dago. 380.000 txerto ditu Jaurlaritzak, 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute. Gehiago behar izanez gero, dosi gehiago erosteko asmoa du Jaurlaritzak. Txertoa hartzeko deia zabaldu dute. "Gripea gaixotasun infekziosoa da, oso kutsakorra da, eta edonor erasan dezake. Gehienetan onbera da, baina arazo larriak sortu ahal dizkie biriketako, bihotzeko, eta gibeleko gaixotasun kronikoak dituztenei eta diabetesa dutenei. Bestalde, garrantzitsua da 65 urte baino gehiago dutenek txertoa jartzea, gaixotasunik ez badute ere. Garrantzizkoa da txertoa urtero jartzea, birusa urtetik urtera aldatzen baita eta, horregatik, urtero eguneratzen da txertoaren konposizioa. Gaur egun txertoa da prebentzio-tresna bakarra, ziurra eta eraginkorra", Osakidetzatik adierazi dutenez.

Txertoa hartzeko zer egin behar den? "Txertoa jartzea oso erraza da. Osasun zentrora deitu edo joan, besterik ez duzu egin behar, eta han esango dizute nola egin. 65 urte baino gehiago dituztenek osasun txartela edo NAN-a bakarrik aurkeztu behar dute. Arrisku-talderen batekoek haien profesional sanitarioarengana jo behar dute bolantea eskuratzeko", ohartarazi dute. Anbulatoriora gerturatuta jasoko dituzue argibide gehiago edo 943 362 013 telefono zenbakian. Txertoa hartzeko abenduaren 17ra arteko epea egongo da.