Urriaren 21etik 23ra antolaturiko erraustegiari buruzko galdeketan parte hartu zutenak zoriondu eta eskertzen dituen eskuorria prestatu eta etxez etxe banatzen ari da egunotan, Erraustegia Erabakia Herri Plataforma. Botoa eman zutenak soilik ez, galdeketa bera ospatzea ahalbidetu zuten guztiak ere eskertu nahi ditu bilguneak eta barkamena eskatzen diete, bozkatu ezinik geratu zirenei.
Herritarrei eragiten dieten egitasmo eta gaietan hitza hartzeko eskubidea defendatzen du herri plataformak. Baita herritarren hitza kontuan hartzea ere. Zentzu horretan, eta galdeketako emaitzak eskutan, "usurbildarren eta zubietarren hitza entzunarazteko eta batez ere errespetatu arazteko konpromisoa hartzen dugu".
Usurbilgo eta Donostiako Udalarekin, Foru Aldundiarekin eta Batzar Nagusietako talde politikoekin biltzea eskatu du Erraustegia Erabakia Herri Plataformak. Batzar Nagusietan mozio bat aurkeztea nahi dute eta Markel Olano Ahaldun Nagusiari, "zuzenean eman nahi diogu galdeketak utzitako emaitza, eta ezezko honen aurrean zer egingo duen galdetuko diogu". Honatx, Erraustegia Erabakiak kaleraturiko gutuna, bere osotasunean:
Zorionak eta eskerrik asko!
Gutun honen bidez, zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizugu. Zorionak urriaren 21, 22 eta 23ko asteburuan Usurbilen eta Zubietan errauste plantaren inguruan egin genuen herri galdeketak zure parte hartzearen ondorioz izan duen arrakastarengatik. Izan ere, %43,6ko parte hartzea lortzea sekulakoa da. Eta hori posible izan da zuk galdeketa honi eman diozun balioagatik eta zure botoa ematera hurbiltzeagatik. Zubietan, gainera, are handiagoa da lortutakoa: 16 urtetik gorako %64,7 zubietar joan baitira bozkatzera. Eta hautetsontziek oso modu argian azaldu dute zein den usurbildarren eta zubietarren gehiengoak nahi duena: errauste plantarik ez egitea. Bozka eman dutenen %97,9ak ezezko borobila eman dio erraustegiari; baiezkoa, berriz, %1,7k esan dio.
Bestetik, galdeketa hau aurrera eramaten lagundu diguzuen guztiei ere gure eskerrik zintzoena eman nahi dizuegu. Asko izan zarete, modu batez edo bestez, ekimen honetan lagundu duzuenak; laguntza ekonomikoa emanez, kamisetak erosiz, lipdub-a antolatzen eta parte hartuz, hautes mahaietan parte hartuz... Aipamen berezia ere egin nahi diegu galdeketa zorroztasunez eta gardentasun osoz burutzen zela bermatzeko ardura izan duten berme batzordeko kideei, euren konpromisoa ezinbestekoa izan baita galdeketa egiteko.
Eta, bide batez, barkamenak ere eskatu nahi dizkizuegu galdeketan botoa ematera hurbildu zareten eta parte hartu izan ez duzuen guztiei. Bakarren batzuk izan zarete. Errolda erabiltzeko aukera ez izateak galdeketa bera zaildu du. Guztia ahalik eta zorrotzena eta garbiena izan zedin, eta inolako mesfidantzarik ez eragiteko helburuz, edozein hauteskundeeetan baino ziurtagiri gehiago eskatzeak bakarren batzuk botoa emateko aukerarik gabe utzi du. Horregatik, zuei bereziki, eskerrik asko.
Auzolan erraldoia izan da honakoa. Izugarrizko ariketa demokratikoa egin dugu. Normaltasun osoz gauzatu dugu herri galdeketa. Eta heldutasun demokratiko handia erakutsi dugu, parte hartze datuak argiki erakusten duten bezala. Herritarrok gure egunerokoan hain modu nabarmenean eragiten duten gauzei eta proiektuei buruz erabaki nahi dugu. Horretarako eskubidea dugu. Gurea baita hitza eta erabakia.
Eta orain zer? Galdetuko duzue askok. Usurbildarren eta zubietarren hitza entzunarazteko eta batez ere errespetarazteko konpromisoa hartzen dugu. Jadanik bilerak eskatu ditugu Usurbilgo Udala, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Markel Olano Ahaldun Nagusiari zuzenean eman nahi diogu galdeketak utzitako emaitza, eta ezezko honen aurrean zer egingo duen galdetuko diogu. Bide batez, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin ere bilerak eskatu ditugu, gure helburua baita mozio bat aurkeztea Gipuzkoako instituzio gorenean eztabaidatua izan dadin.
Erraustegia-Erabakia plataforma osatzen dugun kideok ahalegin horretan jardungo dugu hurrengo egunetan. Herriak hitz egin du, eta erabaki egin dugu.
Ondo izan, eta berriz ere, ZORIONAK
Erraustegia-Erabakia Herri Plataforma