3 enpresa talde aurkeztu dira, erraustegia eraiki eta kudeatzeko Aldundiaren lizitaziora

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 3a, 12:35

Erraustegia eraiki eta kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako lizitaziora hiru enpresa talde aurkeztu dira. Aldunditik berri eman dutenez, honako hauek izan dira eskaintzak aurkeztu dituztenak:

-Construcciónes y Promociones Balzola, S.A; Valoriza Servicios Medioambientales, S.A; Valoriza Gestión, S.A.

-Meridiam Investments SAS; Urbaser S.A; Altuna y Uria S.A; Construcciones Moyua S.L; Construcciones Murias S.A; LKS Ingeniería S.COOP.

-Fomento Construcciones y Contratas eta Sartech Engineering.

"Erraustegiaren eta inposaketen aurrean, gazteok kalean egongo gara"

Foru Aldundiak lizitaziora aurkeztu diren enpresa taldeen berri eman eta gutxira, astelehenean Diputazioko egoitzan bertan erraustegiaren aurka mobilizatu zen Ernai gazte erakundea, atera zuten ondoko irudian ikus daitekeen moduan. "Ekimenarekin erraustegiaren inposaketa salatu, eta PNV eta PSEren erantzukizun politikoa jarri nahi izan dugu jo puntuan", adierazi dute Ernaitik.

Ez da kontu berria, gaineratzen dutenez. "PNV eta PSEk, herritarron hitza errespetatu ez, eta gainera, gure bizitzak arriskuan jartzeko erabakia hartua dute. Ez da lehenengo aldia ordea, herritarron zein ingurumenaren aurkako erabaki politikoak hartzen dituztela. Lehenagotik ere ezagunak dira superportu, abiadura handiko tren edota eraikitako makro infraestrukturak. Helburua bat eta bakarra; konstruktora eta lagunekin hitzarmenak egin, poltsikoak diruz betetzeko. Odolez zikindutako eskuak, diruz garbitzen dituzte", adierazi dute.

Honen aurrean, gazteak kalean izango dituztela ohartarazten dute. "Pasa den ikasturtean Gipuzkoako plazetan argi eta garbi geratu zen erraustegiaren eta inposaketen aurrean gazteok kalean egongo garela. PNV-PSE, ez dizuegu utziko gure bizitzak heriotzara kondenatzen. Hartzen dituzten erabakiak hartzen dituztela, gazteok kalean egongo gara eta zuzen joko dugu erantzuleengana. Kalera!", deitu dute.

Lizitazioa geratzeko, GuraSOSen manifestazioa

Erraustegiaren lizitazioa gelditzea eta parte hartze prozesu bat zabaltzea eskatzeko manifestazioa deitu du azaroaren 26rako Donostian, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeak. Laster, zehaztasun gehiagoren berri emango duten arren, ohar bidez, ekimen honen helburu nagusiak aurreratu ditu GuraSOSek. "Mobilizazio honen helburua erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eta parte-hartzeko prozesu bat irekitzeko eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzea da", adierazi dute. Gizarte osoari dei egiten diote, "bere ahotsa entzunarazi dezan".

Aipatu moduan, laster, mobilizazio honen inguruko xehetasun gehiagoren berri emango dituzte. Halere, prestaketa lanak abiatu dituztenez, laguntzarako deia zabaldu dute. "Zu ere zure herrian ekimen hau bultzatzeko prest bazaude, jarri harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatziz", adierazi dute.