Sorturen birfundazio prozesuaren aurkezpena, 20:00etan Aitzagan

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 4a, 10:51

Sorturen birfundazio prozesua aurkeztuko dute ostiralean, azaroak 4, 2o:00etan Aitzagan. Taldea aurkeztuko da, eta horren osterako afaria iragarri dute.

Birfundazio prozesua irekia izango da, Sorturen proiektuarekin bat egiten duen orok parte hartu ahalko du. Hitza hartu ahal izateko ordea, interesdun orok aldez aurretik akreditatu egin beharko du. Horretarako, partehartu.sortu.eus helbidean sartu eta bertan dagoen formularioa bete daiteke. Edozein zalantza izanez gero, bertan daude laguntzarako telefonoak.

Erabakiak, komunitate osoaren esku

Birfundazio prozesuan akreditatzen denari, prozesuan parte hartzeko aukera zabala eskainiko zaio; "informazio osoa zuzenean jasotzeko aukera, hautagaiak aurkeztu, iritzia eman, eztabaidan parte hartzeko aukera eta bozkatzeko eskubidea" hain zuzen. Modu honetan, Sortuk parte hartzea komunitate osora zabaldu nahi du. "Birfundazio prozesuan hartutako erabakiak komunitate osoaren esku utzi nahi ditugu. Parte hartzea zabaldu nahi dugu, eztabaidetan sakondu eta bozkatzeko eskubidea komunitatea osoan bermatuz", Sortutik aditzera eman dutenez.

Birfundazio prozesuaren egutegia

-Azaroak 4: 20:00 Birfundazioaren aurkezpena eta afaria Aitzaga Elkartean.

-Azaroak 19: 10:00 Ponentzia eta zuzendaritza taldeen hautaketa Potxoenean.

-Urtarrilak 7: 10:00 Emendakinen eztabaida eta zerrenda irekien hautaketa Potxoenean.

-Urtarrilak 21: prozesuaren amaierako Kongresua.