Zure kontutik ari bazara lanean, interesatuko zaizu elkarrizketa hau. Elhuyarren egoitzaren gainean elkarte berri bat jarri dute martxan; Kabiene, autonomo eta freelance ororentzat irekia dagoen bilgunea. Proiektuak garatzeko aukera eskaintzen dute, baliabideak, espazio bat. Baina lerrootan ohartuko zaretenez, haratago doa egitasmoa, Kabieneko bi kidek azaldu digutenez.
NOAUA! Nola aurkeztuko zenigukete Kabiene?
Jon Aizpurua: Usurbilgo freelance eta autonomoen elkarte bezala aurkezten dugu gure burua. Gure helburu nagusia da, kideon egoera profesionalak bultzatu eta hobetzea, eta elkarlanerako gune izatea.
Julen Arteaga: Asmoa zen, bakoitzak espazioa izatea etxetik egiten genuen lana egiteko.
Jon A.: Orain arte bezeroekin tabernetan edo ahal zen lekuan biltzen ginen eta arazo bat zen. Profesionalki garatzeko aukera emango zigun leku bat behar genuen.
Ogibide ezberdinetan ari zarete lanean. Nola bildu zarete?
Jon A.: Udalera joan ginen lehenbizi, etxetik lan egiten zuten herritarren erregistrorik bazen jakin nahian, baina ez zegoen ezer. Ahoz aho, tabernetan galdetuta, hala elkartu ginen.
Julen A.: Facebook bidez autonomoentzako bilera baterako deia egin zen eta ni hala enteratu nintzen.
Jon A.: 6-8 bat kontaktu lortu genituen hasiera batean. Facebook bidez gero, 20 bat lagunekin harremantzera heldu ginen.
Ezustea izan da herrian azaleratu dena?
Jon A.: Ez dakigu zenbat jende dagoen interesa izan lezakeena. Badakigu seguruena 20 lagun baino gehiago egongo direla. 20 lagunon artean zeuden, autonomoak zirenak, langabezian geratu zirenak, edota autonomo izateko asmotan daudenak. Baina badakigu badagoela jende gehiago etxean lanean ari dena.
Momentuz ze ogibide bildu dituzue Kabienen?
Julen A.: Itzultzailea, komunikazioa eta diseinuan aritzen dena, bideo editorea eta post-produkzioan dabilena, argazkilaria, web diseinatzailea, eta bi arkitekto ditugu. Denetarik.
Bakoitzak bere espazioa du lanerako, baina elkarlanerako aukerak ere sor daitezke?
Jon A.: Hiru aste daramatzagu martxan. Eta jada sortu dira aurreneko elkarlanak. Bezero batek ezagutzen ez zuen zerbitzu bat aurkitu du hemen eta aberastu egin du bere produktua, hemen beste zerbait kontratatuta. Etorri dira aurrekontua eskatzera, jakinda hemen zein dagoen lanean.
Julen A.: Gure ideia da Kabiene erreferentzia puntu batean bihurtzea. Horretaz aparte, harreman pertsonalak hemen asko aberastu eta zabalduko dira.
Elhuyarren eraikinean dago Kabiene
NOAUA! Elhuyar gainean zaudete. Elhuyarren aurkeztu berri duzue zuen burua. Zer moduz joan da? Kokagunea ere lagungarria zaizue?
Jon A.: Aurkezpena oso positiboa izan zen. Beraien partetik oso jarrera irekia izan dute hasieratik. Erraztasun asko eman digute proiektua martxan jartzeko eta aurkeztuta gero ere inguratu zitzaizkigun bertako langileak proiektuaz interesaturik. Elhuyar motore, gure laguntzaile izatea, guretzako babes handia da. Azkenean beraiekin ere elkarlana jorratu daiteke, proiektu berriak sortu, guretzako abantaila da.
“Prezioak ahalik eta gehien estutu ditugu, elkartea ahalik eta irekiena izatea nahi dugulako”
NOAUA! Gaur egun zuen ibilbidea jorratzea bideragarria da? Zein da abiapuntua?
Jon Aizpurua: Bideragarria proiektuaren eta norberaren baitan izaten da. Egia da erakundeen aldetik laguntza oso oinarrizkoa, teknikoa eta puntuala izaten da eta laguntza horrek ez dizu bultzada handirik ematen. Horrelako leku batean, bideratu zaitezke pausoak ematera. Elkarte honek freelance eta autonomo guztiena izan nahi du, nahiz hemen egon edo ez. Jendeak hemen aurki dezake guretzat oso garrantzisua den zerbait; erakundeen laguntza puntual horretatik aparte, gure ezagutzaren transmisioa.
Julen Arteaga: Azkenean hemen gauden ia denok hasierako zalantzak izan ditugu tramiteekin, fiskalitatea nola kudeatu. Horretan guztian lagundu dezakegu.
Eta nahi duenaretzat, espazioa ere erabilgarri duzue?
Jon A.: Ahalik eta aukera zabalena eta doituena eskaintzen ahalegindu gara. Interesa duenarekin hitzordua jarri eta elkarrizketa egingo zaio, proiektua aurkeztu eta dituen beharrak aurreikusteko. Aukera ematen dugu egun baterako, egun erdi edo lanaldi osoz aritzeko, etxetik lanean aritu nahi baina bezeroekin elkartu nahi dutenentzat bilera gelak orduka alokatzeko. Prezioak, 10etik 75 eurotara, edonork asumitu ditzakeen prezioak izateko. Honez gain, etxetik lan egiten dutenek elkartea babestu, proiektuaren parte izan, eta batzarretan boto eskubidea izateko aukera dute, urtean 50 euroren truke.
Julen A.: Elkarte kideek instalakuntzak erabiltzeko deskontua izango lukete. Web orrian dago informazio guztia. Emailak daude, edo deitu dezakete edozein unetan. Edo bisitatu gaitzakete, konpromisorik gabe.
Zuena bezalako esperientziak zabaltzen doaz.
Jon A.: Hiri handietan oso ohikoa bihurtu da. Donostian bertan bat baino gehiago daude. Baina guri interesgarria iruditzen zitzaigun, Donostiara joan beharrik izan gabe, proiektuak herrian bertan garatu ahal izatea eta herrira zabaltzea. Horregatik prezioetan ere ahalik eta gehien estutzen dugu, elkartea ahalik eta irekiena izatea nahi dugu.
Julen A.: Hainbeste aldiz esaten da lan eta bizi herrian egin nahi dugula, laguntza bat izatea nahi genuen, gu bezalako egoera berdinean zegoen jendeak lan eta bizi Usurbilen egin ahal izateko.
Epe motzerako ekimenik?
Jon A.: Herriko elkarteekin eta Udalarekin biltzen eta proiektua azaltzen gabiltza. Bigarren pauso gisa, inaugurazio ekitaldi bat egin nahi dugu. Eta gure lan nagusia herriari begira da, zabaldu eta ezagutaratzea.
Julen A.: Elkarte gisa finkatzen garenean, gure ideia bada Usurbilen ekimenak antolatzea, gure proiektua herriarentzat ere aberasgarria izatea.
Arnasgune bat
NOAUA! Kabiene zuentzat arnasgunea ere izango da, bizimodu pertsonala eta profesionala bereizten lagundu dizue, ezta?
Jon A.: Biltzen hasi ginenean gerora Udalari aurkeztu genion diagnosi bat egin genuen. Diagnosi horretan asko komentatzen zen gauzetako bat zen, etxeko espazio pribatua eta espazio profesionala ezin banatuaren arazoa. Alde horretatik arnasgune bat da, eta honez gain, askoz ere ingurugiro hobe batean lanean zaude. Azkenean profesionaltasun bat ematen diozu zure buruari. Etxera joaten eta deskonektatu egiten duzu. Hemen gainera beste profesionalen iritzi eta esperientziak zure lana aberasten du. Hazkunde pertsonal bat ematen da. Etxean zaudenean zu bakarrik zaude zure munduan eta horrek isolatzen zaitu.
Julen A.: Profesionalki asko laguntzen du giroak eta baita pertsonalki ere. Lanaz gain, bizitza ere etxean egiten duzu eta horrek lanean eragiten du. Hemen espazio bat izanda, gero etxean deskonektatzen duzu.
Informazio gehiagorako:
Zelai Haundi 3 - 5. Solairua (Elhuyarren egoitzaren gainean).
Argazkiak: Ion Markel