Kaiola, hondakin poltsez betetzen hasia

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 7a, 12:36

Litxarreria poltsak, pipa azalak, edota edarien latak. Hondakinok egun oraindik, ez ditugu ehuneko ehunean egoki sailkatuta ontzietan biltzen. Etxean ziurrenik bai, baina kalean, lurrera botatzen dira. Eta udal langileak, kaleak garbitzerakoan bildu behar izaten dituzte. Bada beraz zer hobetua eremu honetan, eta horixe ikusarazi nahi du Usurbilgo Udalak, ostiralaz geroztik Mikel Laboa plazan jarria duen kaiolaren bidez.

Asteburuan kalean bota diren hondakinez betetzen hasia da hesitutako kubo formako egitura. Ondoko irudiotan ikus dezakezue, nola zegoen ostiralean frontoi atzeko kaiola. Eta asteburuan bildutako hondakinekin, zer itxura zuen astelehen goiz honetan.

Kaiola barruan hondakinak pilatzen hasiak dira. Hondakinak lurrera botatzeko "ohitura" aldatzen ez  bada behintzat, hurrengo egunotan kaiola barrua betetzen doala ikusiko dugu.

Argi denez, ekimen honekin kalean ere hondakinak kudeatzeko dugun jarreran eragin nahi du Udalak. Bistan denez, bada eta zer hobetua. "Etxean egiten duzuna, kalean zergatik ez?" dio Mikel Laboa plazako kaiolan jarria dagoen panelak. Ohartarazten digutenez, "lurrera botatzen ditugun poltsa hauekin, badakizu zenbat gauza lor ditzakegun?".

Alderaketa iruditan

Azaroak 4: https://youtu.be/zOpi7mKzAeI

Azaroak 7: https://youtu.be/aVbJelGmpJU

Azaroak 4, ostirala

Azaroak 7, astelehena