Tamainaz handiagoa, abesti gehiagoz hornitua, aurkibide hobearekin, kantei buruzko xehetasunekin. Berrikuntzekin bai baina orain arteko filosofiari eutsiz, halakoxea da Kantu Taldeak, NOAUA! Kultur Elkartearekin eta Usurbilgo Udalarekin batera landu eta jada eskuragarri jarri duen kantu-liburuxka berria.
Euskal Herriko Kantuzaleen Sarean da Usurbilgo taldea. Hain zuzen, Ipar Euskal Herrira edota Nafarroara abestera joan eta jabetzen ziren, bazituztela hutsuneak eskuartean baliatzen zuten kantu-liburuxkan. Eta horiek osatzen ahalegindu dira oraingoan, nahiz lanketa honek ez duen etenik. “Herriari kantatzeko lan tresna bat eman nahi genion”, adierazi dute. Aurreko kantu-liburuxka 2010ean argitaratu zutenetik, “egunero ari ginen abestien kopurua berritzen eta gehitzen. Beste 100 bat kantu gehiago ere bagenituen eta horrek eraman gintuen liburuxka berritu eta moldatzera”.
Aurkezpena, Kulturaldiko afarian
Argitaratu berri den liburuxka berria eskuartean hartzeko aitzakiarik ez da faltako asteotan. Kantu-jira eta kantu-bertso-afaria antolatu du Kantu Taldeak NOAUA!rekin elkarlanean ostiral honetarako, Kulturaldiaren baitan. Afarian zehar aurkeztuko dute euskarri berritua, egitasmo honetan parte hartu duten Kantu Taldeak berak, Udalarekin eta NOAUA! K.E.rekin batera.
“Emaitzarekin oso gustura gaude”, adierazi diote NOAUA!ri kantuzaleen bilgunetik. Atzoko eta gaurko euskal kanta ezagunak bildu dituzte argitalpen berrituan. Baita garai batean euskal abestien urritasuna zegoenean, euskaratuak izan ziren hainbat abesti ere. “Xiberoko kantu zaharrak ere ez ditugu ahaztu”, aipatu dute taldetik. Eguberri girokoak ere txertatu dituzte. Kanten ondoan egileen azalpena erantsi diote eta abestea erraztuko diguten “hitzak eta doinuak lotzen edo josten laguntzen duten ikurrak”.
Kantuan ere, bizi euskaraz
Beti ere, sakoneko helburuez ahaztu gabe. Kantuen bidez, euskal giroa bizirik mantendu eta indartzea nahi baitu taldeak. “Kantuan euskaraz ari bagara, bizi gara euskaraz ere. Kantuaren transmisio bat egin nahi dugu. Kantatzen ari garela, euskal giroa txertatzen dugu kalean”, gogorarazten digute. Halere, transmisio lan hau haiek bakarrik ezin dutela egin diote eta laguntza eskatzen diete herriko tabernari eta dendariei, euskal musikaren aldeko apustu sendoagoa egin dezaten, gainerako musika baztertu gabe noski.
Honez gain, kantu zaleen espazioa zabaltzea ere lagungarria litzatekeela irizten diote Kantu Taldetik. “Polita litzateke gazteen arteko talde bat osatuko balitz, eta beren txarangarekin, beren artean halako jira bat egingo balute”, proposatzen dute.
Kantuak batu egiten duela gogorarazten dute Kantu Taldetik, lagun artea zabaldu. “Adiskidetu egiten du kantuak. Merezi du behingoz entzule izatetik gu partaide izatera pasatzea”, deitzen gaituzte. Kantatzeko garai bateko zaletasuna berreskuratu nahi dute, “horretarako, liburuxka hau erosi”.
Eskuragarri
-Azaroaren 13ra arte: “NOAUA!k 20 urte!” Sutegiko erakusketan.
-Azaroaren 11ko Artzabalgo kantu-bertso-afarian.
-Azaroaren 14tik aurrera, NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Prezioa: 5 euro.
Elkarlanean: Kantu Taldea, NOAUA K.E. eta Usurbilgo Udala.
Kantu Taldearekin hitzorduak
-Azaroak 11, ostirala: 19:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik. 21:00 Kantu-bertso-afaria Artzabalen. Sarrerak 20 eurotan salgai aurrez, Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan.
-Azaroak 26, larunbata: 19:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik. Imanol Urbieta omenduko dute kantuen bidez.
-Urtarrilean: kantu ikastaro berriaren abiatzea. Saioak, asteartero 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan.