Argazki zaleok, interesgarri suertatuko zaizkizuen bi ekimen antolatu dituzte Santuenea Kultur Elkarteak eta Hurbilago Elkarteak; argazki lehiaketa bana. Xehetasun gehiago segidan.
Argazki lehiaketa Santuenean
Santuenea Kultur Elkarteak antolatu du ekimena. “Udazkena” da parte hartu nahi dutenentzako hautatu duten gaia. 4-14 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago txapelketa. Lanak, azaroaren 15etik 30era jasoko dituzte antolatzaileek. Informazio gehiago, Santuenea Kultur Elkarteko egoitzan jaso daiteke.
Usurbilgo txoko ederrenaren bila
“Usurbilgo txokorik eder eta berezienen” bila segitzen du Hurbilago Elkarteak. Horretarako antolatu dute argazki profesional eta amateurrei zuzenduriko argazki lehiaketa. Bi kategoriotan banaturiko adin tarteotako herritarrek parte hartu ahalko dute; 4-16 urte artekoek eta 17 urtetik gorakoek. Baldintzok bete beharko dituzte lehiakideek: aurrez argitaratu ez eta urriaren 1az geroztik Usurbilen eginiko argazki bat edo bi aurkeztu ahalko dira (argazkiaren tokiko helbidea eta deskribapena adierazi). Argazkiko edukien erantzunlea aurkeztu duena izango da. “Identifika daitezkeen pertsonak agertzen diren argazkien kasuan, lehiakideek pertsona horien baimena izan beharko dute. Pertsona horiek bere irudiaren erabilera baimendu badute, Hurbilagok baimen hori eskatzeko eskubidea izango du”, ohartarazi dute Hurbilago Elkartetik.
Argazkiak azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, Ivan Perez argazkilariaren establezimenduan; Bordaberri 3, 2.lokala.
Bi sari daude jokoan; gazteen kategorian, Fujifilm XP90 argazki kamera; helduenean, Canon 760D + 18-55 mm EF-S IS STM kamera. Argazkiak gero herriko saltokietan jarriko dituzte ikusgai.
Argibide gehiagorako:
Facebook: Hurbilago