Aginagarrak, Gipuzkoako jubilatuen martxa neurtuan

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 9a, 08:50

Urriaren 22an Donostian ospatu zen Gipuzkoako martxa neurtuan parte hartu zuen aginagar talde batek. 143 partaideren artean lauko bi taldeetan banatutako 8 lagunek guztira, Maria Angeles Arrutik helarazi digun ondoko argazkiaren bidez adierazi digun moduan. “Eguraldi ezinhobea egin zuen gure aurtengo martxan. Gipuzkoako jende ugari bildu gara aurten. Donostian izan dugu topagunea eta 10 kilometro inguruko ibilbidea”, Arrutik NOAUA!ri berri eman dionez. Honatx parte hartu zutenen izen abizenak. Ezkerretik hasita: Santi Algorta, Mª Kontxi Maioz, Maria Angeles Arruti, Maritxu Pagola, Pilar Errasti, Joxe Luis Bereziartua, Miren Iparragirre eta Joxe Mari Bengoetxea.

Goizean zehar ibilaldian parte hartu ostean, “Atano pilotalekuan bazkaldu genuen, giro ezinhobean. Azkenik, dantza saioa eginda etxeratu ginen, oso gustura”. Lerroon bidez antolatzaileen lana eskertu nahi du Arrutik. “Eskerrak antolatzen ibili ziren guztiei, lan handia baita eta askotan ez gara konturatzen besteak egiten duen lanaz”.

Sasoia mantentzeko ibilaldiak asteazkenero

Estreinaldi jendetsua izan zuen urriaren 19an "Goazen kalera!" egitasmoak, Usurbilgo Udalak hainbat herri eragilerekin elkarlanean antolaturiko ekimenak. Ohitura osasuntsuak sustatzea du helburu eta adineko pertsonei nahiz dibertsitate funtzionala duten herritarrei zuzendua dago. Ordutik, asteazken goizero, herrian barrena ibilaldiak egiteko aukera dago, 11:00etan Artzabaletik abiatuta.

"Herrigunetik lau ibilbide zehaztu dituzte antolatzaileek, eta astero bat egingo dute. Horrez gain, asteazkenero ibilbideak egiten dituzten heinean, zigilu batekin partehartzaileen txartel propioak markatuko dira, eta aldizka ‘Hurbilago’ merkatari eta ostalari elkartearen eskutik sorpresatxoak egongo dira", iragarri dute. Eguraldi txarra eginez gero, Artzabalen geratuko dira parte hartzaileak, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak egiteko.

Egitasmo honetako sustatzaileek, ekimen honek dakartzan onurak nabarmentzen dituzte. "Bihotza sendoago edukiko duzu, zure tentsioa jaitsi egingo da, eta kolesterol eta azukre mailak murriztu egingo dira. Gainera lagun berriak egin ditzakezu, eta kontu kontari joanez ibilbidea arinagoa egingo zaizu", gogorarazten dute.

"Goazen kalera!"

Epea: urriaren 19tik 2017ko ekainera.

Hitzordua: asteazkenero, goizeko 11:00etan Artzabalen.

Lau ibilbide: 

1.ibilbidea: 1.900 metro. Bidea: Artzabaletik Bizarreko gainera, handik Kalezarrera eta buelta berriz Artzabalera.

2.ibilbidea: 1.300 metro. Bidea: Artzabal, Puntapax, Agerreazpi, Munalurra, Udarregi Ikastola, Bordatxoko errotonda eta Artzabal lotuko ditu.

3.ibilbidea: 1.900 metro. Bidea: Artzabal, Kaxkoa, Etxealdia, tren geltoki ingurura eta Atxega jauregira joan eta itzultzea.

4.ibilbidea: 3.200 metro. Bidea: Artzabal, Kaxkoa, Atallu industrialdea, Bizkarreko gainera joan eta itzultzeko ibilbidea.

Oharra: eguraldi txarra eginez gero, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak egingo dira Artzabalen.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Hurbilago merkatari eta ostalarien elkartea, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Gure Elkartea, Gure Pakea Elkartea, Arrate Elkartea, DYA, Udarregi Ikastola, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Odol Emaileen Elkartea.