Aurkeztu berri dute datorren udaberrian Euskal Herrian barrena ospatuko den euskararen aldeko 20. Korrika. Martxoaren 30ean abiatuko da Otxandiotik eta apirilaren 9an amaitu Iruñean, "Batzuk" aldarripean. Edizio borobil honetarako hautatu duten leloarekin, "hizkuntza, kultura eta mundu BATZUK irudikatu nahi dituzte". Bat eta zu hitzekin jolastu nahi izan dute oraingoan. “Hizkuntza, Kultura, Mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”, AEK eta Korrikaren arduradunen esanetan.
Korrikak bildutako laguntza, "20. KORRIKAk jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k", berri eman dutenez. Horretarako ordea guztion babesa beharko du. Ohi bezala, Korrika laguntzaile izan gaitezke. "12 euroren truke jasoko duzu aurtengo 20. Korrikaren Korrika laguntzailearen pina, urtarriletik aurrera Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika laguntzaile txartela eta txartela onartuko duten komertzioen zerrenda dakarren katalogoa. Eta, batik bat, 12 euro emanez, Korrika laguntzailea izango zara. Oraindik Korrika laguntzailea ez bazara, AEKren euskaltegietan eska ditzakezu pina, txartela eta katalogoa. Internet bidez ere egin dezakezu zure eskaria, 20.Korrikaren logotipoaren gainean klikatuta (galdetegia gaztelaniaz dago. Barkatu eragozpenak!) eta etxean jasoko duzu. Izan zaitez KORRIKA laguntzaile eta gozatu bideaz!", animatzen gaituzte. Honez gain, Korrika Laguntzaileek hilabetez asteburuetan BERRIA doan jasotzeko aukera izango dute, 943 304345 telefonoan edo www.berria.eus/korrikalaguntzailea helbidean eskatuta.
Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute 20. Korrika, Remigio Mendiburuk sortutako jatorrizko lekukoa gordetzen duten gune berean. Hemendik aurrera, pixkanaka, zehaztasun gehiagoren berri izango dugu. Esaterako, euskararen aldeko martxarako abestia, abenduaren 14an plazaratuko dute. Edizio borobil honetan gainera, Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte.
Omendua
"20. Korrikak Korrikaren sortzaileak proposatu ditu omentzeko, Korrikaren ideia saritzeko. Zergatik Korrikaren sortzaileak? 1980an sortu, eta Korrikak 20. edizioa beteko du. Garai hartan ideia zoragarri bezain eroa izan zuten horiei esker, Korrika euskararen aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena bihurtu da. AEK-k antolatuta, egun Korrika euskalgintza, euskal kultura eta euskararen erreferentzia bihurtu da; eta, gainera, atzerrira ere esportatzen da.
Badira 37 urte Korrika jaio zela, AEK-ko eta AEKtik kanpoko hainbat lagunen ekimenez. 1980ko lehen Korrika hark Euskal Herria euskalduntzea zuen helburu. Oraino ere bere horretan jarraitzen du xede horrek, bizirik, pil-pilean, euskarak oraindik ez duelako egoera normaldua bizi; baina, era berean, AEK-k lekuko hori ez duelako geldirik utzi eta, Korrikaz Korrika, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi izan duelako euskararen aldarria.
Horregatik guztiagatik, 20.Korrikak omendu nahi ditu orain dela 37 urte Korrikaren lekukoa eskuz esku abiarazi zuten haiek. Korrikak batu egin gaitu, batu egiten gaitu eta batu egingo gaitu".
Mezua
Hizkuntza, kultura, mundu bat
Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua. Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.
Hizkuntza, kultura, mundu bat, zuk
20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun. Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz...
Hizkuntza, kultura, mundu batzuk
AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.
Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.
Egin bat, egin batzuk
Nik, hik, hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza; gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.
Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde. Kultura unibertsalaren alde.
Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.
Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.
Informazio gehiago: