Ohi baino lehenago irekiko ditu ateak aurten, 51. Durangoko Azokak. Abenduaren 2tik 6ra, bost egunez hain zuzen. "Bizitzekoa DA!" aldarria hautatu dute edizio honetarako. "Hori da Azokak indartu gura duen ideia: Azokara etortzeak merezi du, esperientzia aberasgarria da, publiko guztientzat dago plana", antolatzaileen esanetan.
Albiste honi atxikia duzuen bideoa prestatu dute gonbita luzatzeko. "Gonbidapena Azokara urtero zatoztenontzat, berriro ere guregana etortzeko. Zuei esker baita Azoka arrakastatsua, zuei esker jarraitzen dugulako hobetzen, edo saiatzen behintzat. Eta Azokara inoiz gerturatu ez zaretenoi ere, gonbidapena. Etorri. Ezagutu. Azokara etortzeak merezi du. Gozatuko duzue. Azoka ikusmina, irria, jakin-mina, plazera da. Aspaldiko lagunak agurtzea da. Proiektu berriak sortzeko aukera da. Parte hartzea da. Parte izatea da. Parte ematea da. Azokak zuentzat guztiontzat du plana. Azoka bizitzekoa DA!", antolatzaileek nabarmentzen dutenez.
Estreinakoz, Ipar Euskal Herriko artista esanguratsuenetako batek diseinatu du azokako kartela; Christine Etchevers margolariak. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriak leku eta indar berezia izango duen edizio honetan, "hamar urte betetzen baitira EKEk eta Gerediagak hitzarmena sinatu zutenetik".
Azokak 8 gune
-Areto Nagusia: ekitaldi ofizialen gunea. Kultur sektorearen solasaldi eta mahainguruen gunea.
-Ahotsenea: musikari eta idazleen gunea.
-Irudienea: euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren lekua.
-Plateruena: taberna eta kontzertuak gauetan.
-Kabi@: kultura eta eduki libreen gunea.
-Saguganbara: ume eta gazteekiko transmisioa lantzeko gunea.
-Szenatokia: arte eszenikoak taula gainean.
-Azoka TB: streaming bidez, emisio jarraitua azokak iraun artean.
Usurbildarrak 51. Durangoko Azokan:
Eskaintza zabala prestatu dute aurtengorako ere, Durangoko Azokan. Tartean, hitzaldi eta zuzeneko hainbat emanaldi. Mahai baten bueltan nahiz oholtza gainean, usurbildarrak ere ikusiko ditugu solasean nahiz kontzertuak eskaintzen:
Abenduak 3, larunbata
Ahotsenea Solasaldiak
16:30-17:00 Jakoba Errekondo, Asisko, Unai Iturriaga, “Mattin”, Ainara Azpiazu, Antton Olariaga, Zaldieroa, Unai Gaztelumendi eta Joseba Larretxe: "Bizi Baratzea, Altza Porru".
Ahotsenea Zuzenekoak
19:00-19:30 Izeberg taldearen kontzertua: "Lurrik ez begi bistan".
Abenduak 4, igandea
Ahotsenea Zuzenekoak
15:40-16:10 Labriten emanaldia: “Zortzi”.
Abenduak 5, astelehena
Ahotsenea Zuzenekoak
14:20-14:50 Rukula taldearen kontzertua: "Rukula".
Informazio gehiago: http://ahotsenea.durangokoazoka.eus/eu/
Irudia: Durangoko Azoka.