Erraustegiaren lizitazioa gelditzea eta parte hartze prozesu bat zabaltzea eskatzeko manifestazioa deitu du azaroaren 26rako Donostian, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeak. Laster, zehaztasun gehiagoren berri emango duten arren, ohar bidez, ekimen honen helburu nagusiak aurreratu ditu GuraSOSek. "Mobilizazio honen helburua erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eta parte-hartzeko prozesu bat irekitzeko eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzea da", adierazi dute. Gizarte osoari dei egiten diote, "bere ahotsa entzunarazi dezan".
Aipatu moduan, laster, mobilizazio honen inguruko xehetasun gehiagoren berri emango dituzten arren, mobilizazioa abiatzeko hitzordua ere zehaztu dute jada antolatzaileek, sare sozialen bidez zabaldu duten kartelean. Manifestazioa azaroaren 26an, arratsaldeko 17:00etan hasiko da Donostian, Amarako EuskoTreneko geltoki ondotik, Araba Parkea eta Mendeurren Plaza ingurutik. "Eman bidea Osasuna eta Adostasunari" aldarripean bideratuko da mobilizazioa.
GuraSOSek prestaketa lanak abiatu ditu eta laguntzarako deia zabaldu dute. "Zu ere zure herrian ekimen hau bultzatzeko prest bazaude, jarri harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatziz", adierazi dute.