Asteburua, NOAUA!ren 20. urtemugako Kulturaldiarena

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 11a, 10:49

NOAUA!ren 20. urtemugako Kulturaldiarena izango dugu ate joka dugun asteburu hau. Egunero hitzordu bana programatu dugu; kantu-jira eta kantu-bertso-afaria gaur, "Non gaude?" antzezlana larunbatean, eta kultur astea borobiltzeko, Ruper Ordorikaren kontzertua igandean. Adi sarreren salmentari, txartelak agortze bidean dira eta.

Kulturaldiari eskainitako asteburua bart abiatu genuen Xabi Solanoren solasaldi musikatuarekin. 40 bat lagun erakarri zituen ekitaldia giro atsegin askoan ospatu zen. Solanok musikari gisa jorratu duen ibilbidearen errepasoa egin zigun. Nondik datorkion musikarako zaletasuna, Etzakiten sorrera, Esne Beltzarako jauzia, Ereñozutik mundu zabalera bidaiatzen hasi zireneko hainbat esperientzia partekatu zituen, jakinminez zegoen publikoarekin. Bere ibilbideko hainbat abesti ezagun ere eskaini zizkigun. Eta laster, azaroaren 28an kaleratzekoa den lan berriaren aurrerapentxo bat ere bai esklusiban.

Azaroaren 13ra arte

Egunotan Sutegin bi hamarkada hauetan Usurbilen izandako hainbat gertakari eta bizipen oroitzeko aukera izango duzue. NOAUA! Kultur Elkarteko produktuak erostekoa eta baita NOAUA! kide izateko bazkidetza tramitatzekoa ere. Igandera arte, ikusgai izango duzue NOAUA!ren 20. urtemugako erakusketa Sutegiko aretoan. Kulturaldiaren baitan antolatu dugun ekimenak ordutegi hau izango du:

-Azaroaren 7tik 11ra, 18:00-20:00 artean.

-Azaroaren 12an eta 13an: 12:00-14:00 artean.

Azaroak 11, ostirala

19:30 Kantu-jira Aitzagatik.

21:00 Kantu-bertso-afaria Artzabal jatetxean.

Bertsolariak: Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu.

Txartelak: 20€ (Azken sarrerak, Noaua!ko egoitzan).

Menua: Aperitiboa, Entsalada epela, Bakailuz beteriko piperrak, Txerri azpizun brotxeta, Brownia, Kafea eta Edaria.

"Kantu eta bertsozaleok galdu behar ez dugun hitzordua. Kantu Taldekoen eskutik, kalez kale girotuko duen kantu-jira lehenik Kaxkoan zehar. Segidan, kantu eta bertso afaria, lagun arte giro goxoan Artzabal jatetxean".

Azaroak 12, larunbata

20:00 "Non gaude?" antzezlana Sutegiko auditorioan:

Zehaztasunak: "AJE trilogiaren hirugarren zatia duzue honakoa. Aurrekoak, “Greban gaude” eta “Prest gaude!” izan ziren. Oraingoan non gauden ere ez dakigu!".

Sarrerak: 7€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 5€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Azaroak 13, igandea

19:00 Ruper Ordorika eta bere luxuzko "mugalarien" kontzertua Sutegiko auditorioan.

Zehaztasunak: Ruper Ordorika diskoa labetik atera berri-berritan helduko zaigu Usurbilera. Guria Ostatuan izeneko disko berritik zenbait kantu lehenengoz aurkezteaz gain, bere ibilbide oparoan sortutako beste hainbat kantu eraberrituko ditu, ezbairik gabe. Bere luxuzko “mugalariekin” agertuko da Ruper, ohi bezala: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta biolina); Hasier Oleaga (bateria); eta Lutxo Neirarekin (baxua).

Sarrerak: 10€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 8€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.