"Bizi Kalea" gastronomia gunea igandean, frontoian

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 11a, 09:49

Tipi-Tapak jorraturiko bideari segida eman nahi diote, urrats bat gehiago eman, eta kale giroa indartu, Hurbilago Elkarteak abiatzear duen Bizi Kalea egitasmo berriarekin. Azken urteotan hilean behin ospatu den pintxo festa, tabernetatik plazara aterako du. Hasteko, igande honetan, azaroaren 13an, goizeko 11:00etan hasita frontoian egokitu duten gunera. Jan edanik ez da faltako. Besteak beste, lumagorri oilasko pintxoak edota sagardoa txotxetik edateko aukera izango da goiz osoan zehar. Trikitilariek girotuko dute hitzordua.

Bizi Kaleak Tipi-Tapak bezala sariak dakartza. Bat baino gehiago. Orain arte, Tipi-Tapan egiten zen moduan, 150 euroko erosketa balea jokoan jarriko du Hurbilago Elkarteak, jan edanera gerturatzen direnen artean. Antolatzaileek iragarri dutenez, baita opari gehiago ere. Zozketa hauetan parte hartzeko, adi jan dana eskuratzeko txartelei, zenbakituak izango baitira. Eta zenbakiok, ekimen honen amaieran, 14:30ak aldera egingo den zozketarako baliatuko dira.

Hurbilago Elkarteko kide diren tabernariak dira egitasmo hau elkarlanean aurrera atera dutenak. Kalea girotzea dute helburu, hortik egitasmoaren izena; “Bizi Kalea”. Tipi-Taparekin jorratu duten bidean aurrerapuso bat eman nahi dute, kale giroa indartzen segi. Alde horretatik, frontoian egokitu duten gunea, azoka ibiltari berri honen abiapuntua baino ez da izango. Aurrerantzean hilean behin, herriko gune ezberdinetan kokatuko dute, igande honetako formula bera baliatuz; jan edana eskainiz, musikaz eta zozketekin girotua.

Kale giroa bizitu nahi dute, herri bizitza sustatu, eta horretarako Kaxko osora hedatuko dute ekimena, izaera ibiltaria emanez.

Egutegia

Denboraldi honetarako, guztira, “Bizi Kalea” egitasmoari loturiko 7 hitzordu finkatu ditu Hurbilago Elkarteak. Horietatik bostek azoka formatua izango dute eta Kaxkoko gune ezberdinetan egokituko dute. Azkena, maiatzean ospatuko da. Edizio berezia izango da honakoa, dendariekin batera ospatu asmo baitute azoka. Baina hitzordu honen inguruko xehetasunen berri, aurrerago emango dituzte antolatzaileek.

Bestalde, denboraldi honetan zehar, orain arteko Tipi-Tapa formatu ezagunari loturiko bi egun ere ospatuko dira. Momentuz, eta aldaketarik ez bada behintzat, honatx Hurbilago Elkarteak kale giroa bizitzeko finkatu duen egutegia:

-Azaroak 13, igandea: 11:00etan hasita, lehen azoka frontoian.

-Abenduak 11, igandea: bigarren azoka Artzabalen.

-Urtarrilak 15, igandea: munduko janarien inguruko Tipi-Tapa tabernaz taberna.

-Otsailak 12, igandea: hirugarren azoka frontoian.

-Martxoak 12, igandea: laugarren azoka Txapeldun taberna aurreko plazan.

-Apirilak 16, igandea: koloreen inguruko Tipi-Tapa tabernaz taberna.

-Maiatzak 13, larunbata: Hurbilago Azoka frontoian.

Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.