Usurbilgo hondakinen kudeaketa eredua ahoz aho dabil hemendik ehunka kilometrotara. Eta horren adierazgarri, tarteka, atez ateko bilketa sistema eta konpostatze egitasmoa ezagutzera datozen bisitariak ditugu. Ostiral honetan, Alacant aldetik, 7.000 herritar dituen Banyeres de Mariola udalerriko ordezkaritza bat izan dugu gure artean. Hiri hondakinen kudeaketari buruzko hainbat hitzaldi eta jardunaldietan parte hartu izan du bertako Udalak, eta saiootan sarritan agertu izan da Usurbilen indarrean dugun bilketa sistema, esperientzia eredugarri gisa. Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikari Ibon Goikoetxea, hemengo sistemaren berri ematen bitan entzuteko aukera ere izan dute.
Eta orain, zuzenean, bertatik bertara ezagutu nahi zuten Usurbilgo hiri hondakinak nola biltzen diren, nolakoa den geure egunerokoa gai honi dagokionean. Udalerri honek duen azpiegitura sarea bisitatzeaz gain, udal teknikari eta gobernu taldeko ordezkaritza batek harrera egin eta behar beste azalpen eskaini diete ostiral goiz honetan.
"Edukiontzien sistema uste dugu ez dela benetan eraginkorra"
Bilketa sistemaz interesa agertu dute, haien udalerrian ere gaikako bilketa indartzeko apustua egin nahi baitute. 816 metrotan, Alakanteko punturik altuenean kokatua dagoen herrian, egun edukiontzien sistema dute. Edukiontzi bana dute, papera eta kartoia, ontziak, beira, eta azkenik, organikoa eta erreusa nahasian jasotzeko. Zer edo zer egin beharrean aurkitzen dira, alkateak NOAUA!ri adierazi dionez. "Araudiak 2020. urterako organikoa, erreusetik bereizita, gaika biltzeko sistema jarria behar dugula ohartarazten digu", Josep Sempere i Castellóren esanetan.
Egoera honen aurrean, inguruetan dituzten udalerri bat baino gehiagok egin dutena egin zezaketen, bosgarren edukiontzia jartzea alegia, baina beste bide bat jorratzea hobetsi dute. "Edukiontzien sistema uste dugu ez dela benetan eraginkorra. Benetan kalitatezko eta ondo eginiko bilketa izan nahi badugu, ezin dugu bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin. Gure inguruko herrietan edukiontziak hutsik egoten dira edo bertara edozer gauza botatzen dute, organikoa plastiko eta bestelako gaiekin nahastuta. Usurbilen bezala, atez ateko bilketarekin emaitza oso onak izan ditzakegula uste dugu", adierazi dio NOAUA!ri Banyeres de Mariola udalerriko alkateak.
Atez atekoa abiatzeko ezinbestekotzat jotzen dute, herritarrei zuzenduriko kontzientziatze eta informazio kanpainak antolatzea. Birziklatze tasa irauli nahi dute, ez soilik 2020rako araudiak behartzen dielako, baizik eta helburu nagusia, Sempereren esanetan, "ingurumena zaintzea baita. Gure herria natur parke baten atarian dago. Gure ingurunea zaintzeko betebeharra dugu".