Ruper Ordorikaren gaurko kontzertua ikusteko sarrerak agortu dira

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 13a, 11:45

Ez da sarritan gertatzen, baina ekitaldiak izan duen oihartzuna eta harrera ikusita, pozgarria da honako albistea iragartzea. NOAUA!ren 20. urtemugako Kulturaldia amaitzeko, gaurko programatua dugun Ruper Ordorikaren kontzerturarik sarrerak agortu ziren atzo. Ez dago beraz emanaldirako txartelak eskuratzeko modurik jada. Sutegiko auditorioa beraz, leporaino beteko da igande arratsalde honetan, 19:00etan.

Gogoan izan aurretik, igande eguerdi honetan, "NOAUA!k 20 urte" erakusketa bisita dezakezuela Sutegiko aretoan. Arratsaldean, kontzertuaren aurretik ere zabalik izango dugu:

Azaroaren 13ra arte

Egunotan Sutegin bi hamarkada hauetan Usurbilen izandako hainbat gertakari eta bizipen oroitzeko aukera izango duzue. NOAUA! Kultur Elkarteko produktuak erostekoa eta baita NOAUA! kide izateko bazkidetza tramitatzekoa ere. Igandera arte, ikusgai izango duzue NOAUA!ren 20. urtemugako erakusketa Sutegiko aretoan. Kulturaldiaren baitan antolatu dugun ekimenak ordutegi hau izango du:

-Azaroaren 13an: 12:00-14:00 artean.

Azaroak 13, igandea

19:00 Ruper Ordorika eta bere luxuzko "mugalarien" kontzertua Sutegiko auditorioan.

Zehaztasunak: Ruper Ordorika diskoa labetik atera berri-berritan helduko zaigu Usurbilera. Guria Ostatuan izeneko disko berritik zenbait kantu lehenengoz aurkezteaz gain, bere ibilbide oparoan sortutako beste hainbat kantu eraberrituko ditu, ezbairik gabe. Bere luxuzko “mugalariekin” agertuko da Ruper, ohi bezala: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta biolina); Hasier Oleaga (bateria); eta Lutxo Neirarekin (baxua).

Sarrerak: 10€ (Aldez aurretik Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 8€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.