Giro ederra nagusi izan zen ostiraleko kantu-bertso-afarian. #Noauak20 bete dituen honetan, mahai batean bueltan elkartu eta une atsegin bat igarotzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiak.
Aurretik, kalejiran ibili ziren Kantu Taldekoak. Eta Artzabal jatetxera ere horrela iritsi ziren, kantuan. Afarian zehar, liburuxka zabaldu eta kantari aritu ziren tarte batzuetan. Afalostean, eta Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu bertsolariak kantuan hasi aurretik, Mikel Usabiagak kantu liburuxka berria aurkeztu zuen.
Usurbilgo Kantu Taldearen izenean, NOAUA!ri eskerrak ematen hasi zen. Diseinu eta maketazio lanetan, astekariko publizitate arduraduna den Bea Alda aritu da. Kantua errazteko hainbat ikur daude abestietan, eta letren esanahia ulertzeko hainbat gako ipini dituzte liburuxkan barrena. Horrek maketazio lana zaildu egin du. Usabiagak horregatik azpimarratu nahi du Aldaren ahalegina: "lan borobila egin du".
Usurbilgo Udalaren dirulaguntzari esker eman da argitara kantu liburuxka berria. Mikel Usabiagak Udalaren ekarpena aitortu ondoren, kultur arloko zinegotzi den Alaitz Aizpuruari eman zion hitza. "Horrelako lana egiten duen taldeari laguntza ematea plazer handia da", udal ordezkariak halaxe adierazi zuen kantu afarira hurbildu ziren lagunen aurrean.
Garbiñe Salsamendi eta Jexux Mari Errekondorentzat txalo bero bat eskatuz amaitu zuen bere azalpena Kantu Taldeko ordezkariak. Bideo honetan duzue Mikel Usabiagaren azalpena.