Aspaldi ez zitzaigun gertatu, kontzertu bat antolatu eta bezperarako sarrera guztiak agortzea. Sarrerak agortu eta sarrera gehiagoren eske telefono deiak eta whatsapp mezuak jasotzea eta ezetz esan beharra izatea. Parte hartzeari loturiko marka hauste hau, azken diskoa kaleratu berri duen Ruper Ordorikak lortu zuen bart, NOAUA!ren 20. urtemuga agurtzeko kultur etxeko auditorioan antolatu genuen emanaldiarekin. Publikoak ezin gusturago jarraitu zuen Ruperrek emandako ekitaldia.
Asteartean aurkeztuko du Ordorikak "Guria ostatua" lan berria. "Ruper Ordorikaren disko berriak (KD 953 Ruper Ordorika: Guria Ostatuan – 2016 Elkar) haize berriak dakartza. Beti kantu ederren bila aritzeaz gain, grabaketaren zuzentasuna eta diskoaren entzuketa sendoa bilatzea izan ohi da Oñatiko koblariaren jo muga, diskotik diskora maila berri bat lortu duelarik. Disko berri honetan, berak idatzi eta ondu poemak musikatzen ditu, abestiei nortasun hilezkorra ematen dioten atmosfera klasiko bezain kontenporaneoak lortuta", diote Elkar argitaletxetik.
Kulturaldi borobila
Ruperrek amaiera bikaina eman dio NOAUA!ren 20. urtemugako Kulturaldiari. Baita gainerako ekitaldiek ere. Larunbatean, barre ugari eginarazi ziguten Lakrikun antzerki taldekoek, "Non gaude?" haien AJE trilogiako azken antzezlanarekin. Aurrekoak ere NOAUA!ren eskutik Sutegin ikusi ahal izan ziren. Aurrekoetan bezala, esandakoa, tarte atsegin askoa pasarazi zieten kultur etxera hurbildu ziren lagunei. Idoia Uranga, Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi aktore hirukotea ere pozik. Olaizolak sare sozialen bidez adierazi duenez, "Primeran pasatu genuen guk zuekin! Eskerrik asko, Usurbil! Aspaldiko lagunak ikusteko aukera izan nuen gainera! Arantxa, Iñaki....".
Eta bezperan, Artzabal ere leporaino beteta izan genuen, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu bertsolariek giroturiko kantu-bertso-afarian. Kantuan ere aritu ginen, Kantu Taldekoekin. Afalaurretik kalean, eta afaritan zehar, esku artean genituen kantu-liburuxka berriekin. Kantu Taldeak, Udalarekin eta NOAUA!rekin elkarlanean plazaraturiko liburuxka aurkezteko tartea hartu zen baita, Inaxio Usarraldek gidatu zuen saioan. Albiste honi atxikitako bideoan duzue unea. Eta urte luzez NOAUA! Kultur Elkartean egin duen lan bikaina eskertzeko, Ana Aizpurua lehendakari ordea ere omendu genuen. Milesker guztiagatik Ana!
Asteburu bete ekitaldi izan dugu begi bistan denez. Azaroaren 4az geroztik ospatu ditugun hitzordu guztiok antolatzen lagundu (Kantu Taldea, Orbeldi Dantza Taldea, Inaxio Usarralde...) eta parte hartu duzuen guztioi milesker eta zorionak, NOAUA! Kultur Elkartearen izenean!