Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta Usurbilen gazteen mugimendua berreraikitzeko abiapuntu izan nahi zuen duela urtebete antolatu eta ospatu zen Gazte Egunak. Dinamika horri segida emango diote, azaroaren 26rako antolatu dituzten egun osoko ekimenekin. Ahalduntzea, eta jai giroko ekitaldiak tartekatu dituzte egitarauan. Baina batez ere, parte hartzailea izango da ate joka dugun Gazte Egunaren edizio berria:
Gazte Eguna
Azaroak 26, larunbata
08:30 Auzolanerako deialdia muntaketarako.
10:00 Mahai ingurua: "Gazte perspektiba: Usurbilgo errealitatea ezagutzen".
11:30 Gazte Olinpiadak.
Oharra: frontoian elkartuko gara. Izena eman betiko tabernetan.
19:00 Elektro Txufla, elektrotxaranga.
21:00 Afaria. Sarrerak 12 eurotan, betiko tabernetan salgai.
00:00 Kontzertuak: Odolaren Mintzoa, Skasti eta DJ Seymar & XBR.
"Guretzat eskaintza izateko"
Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta gazte mugimendua berreraiki asmoz, antolatu zuten iazko estreinako Gazte Eguna, “batez ere ikusten genuelako gazteok ez ginela batera ibiltzen, kalean ere gazteon mugimenduaren presentziarik ez dagoelako”.
25 bat gazte bildu ziren iaz antolaketa lanetarako, 16-18 urte artekoak gehienak. Gazte berri asko tartean. Egitaraua iragartzeko argitaratu zuten kartelak zioen moduan “gazteria berpizten” ari dela diote, “eta hori oso positiboa da. Motibazio asko dago gazteengan. Jendea gogoz ikusten da bai Gazte Egunerako, bai aurrera begira zerbait egiten hasteko ere”.
Ez zuten abiaturiko dinamika, Gazte Egunera mugatu nahi, “denok bat egin genuen, gazteen arteko harremanak sendotzeko mugimendu bat falta dela adieraztean”. Horregatik antolatu zuten Gazte Eguna, mugimendu berreraikitzeko abiapuntu izateko eta herrian “guretzat eskaintza” izateko. “Ez badago eskaintzarik, lokalismoan erortzen gara, koadrila eta inkomunikazio egoeretan. Horregatik, goazen gazteok elkartu eta gazte orori begirako ekimenak egitera, mugimendu bat egon dadin”, antolatzaileen esanetan.