Abenduaren 9tik 11a Barañainen (Nafarroa) antolatu diren Gazteraiki topaketak eta Usurbilgo gazte eragileen inguruan egin duten diagnosia aurkeztuko du Usurbilgo Ernaik, ostiral honetarako, azaroak 18, 18:00etan Potxoenean deitu duten ekitaldian. Hitzordu honen harira kaleratu duten oharra duzue segidan:
GAZTERAIKI topaketak eta Herriko diagnostikoa
Gaur egun, gazteoi modu espezifikoan zapaldu eta miseria eta prekarietatearen amildegira bultzatzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurrean Euskal Herriko gazteon alternatiba bakarra iraultza soziala da. Bide honetan, gazteok eragin esparruak biderkatu eta hauetan aurrera pausuak emateko beharra daukagu; ulertuz gure bizitza ekonomiko, politiko, sozial zein kulturalean erabakiak hartu eta errespetarazteko bide gisa AUTOGESTIOAn oinarritu behar dugula.
Logika honen baitan sortu zen “Eraikuntza lanetan ari gara” dinamika. Euskal Herriko txoko guztietako gazte mugimenduko kide ezberdinak bildu eta alternatiba errealak sortzera bidean aurrera pausuak ematen hasteko. Honela, topaleku eta deialdi ezberdinak baliatuz (tartean Usurbilgo Udarregi Ikastolan 2016ko martxoak 5ean izandako asanblada) gazteen beharrak identifikatu eta hauen baitan alternatibak sortzera bidean ildoak ezberdinak zehaztu (sorkuntza, hezkuntza, euskara, kirola, jai-ereduak, feminismoa…) eta etorkizun hurbilera begira oin-gida moduan baliatuko diren proiektu ezberdinak garatu dira.
Dinamika eta proiektu hauek guztiak jendartera aurkezteko Barañainen abenduaren 9, 10 eta 11n burutuko diren GAZTERAIKI topaketak erabiliko dira. Topaketa hauetan lehen aipaturiko proiektuak aurkeztuko dira, baina inolaz ere ez da amaitutzat emango bide hau, aitzitik, proiektu hauek aitzakiatzat hartuta Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazte mugimendu ezberdinek oin-gida moduan hartuz bakoitzak bere lan esparruan alternatiba errealak martxan jartzen hastea du bide.
Ildo beretik, Ernaik bere antolaketa baliatuz herrietan mapeo eta diagnostikoak garatu ditu gazte mugimendu ezberdinen errealitatea ezagutu eta honen baitan eragin esparruak sortzera bidean. Honela, Usurbil ez da salbuespena izan eta bertako kideok herriko gazte eragileen ekarpenekin herriko gazte mugimenduaren diagnostiko bat burutu dugu bertako nondik norakoak ezagutu eta eragin esparruak identifikatze bidean. Herri mailan diagnostiko bat egiteak dituen zailtasunak onartuta, errealitatea ahalik eta hobekien islatzen saiatu gara eta honen emaitza txosten batean bildu dugu. Gazte eragile bakoitzari aurkezteaz gain, herriko gazteei publikoki aurkeztu nahi diegu diagnostikoa bera eta horretarako, azaroaren 18an 18:00etan Potxoenean burutuko dugun aurkezpenerako gonbita luzatzen dizuegu. Aurkezpen horretan bertan GAZTERAIKI dinamikari buruzko informazio gehiago ere eskuratzeko aukera izango da.
GAZTERAIKI tokapetak: Abenduak 9-10-11, BARAÑAIN
BONOAK: Irrati tabernan salgai, 25 €, azaroaren 30era arte.
Gazteraikiri buruzko informazio gehiago esteka honetan: http://gazteokeraikitzen.topatu.eus
Usurbilgo Ernai