“Ostatuetan Oinarrizko Lanak” enplegu programan izen emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 16a, 09:34

Hoteletan eta beste ostatu turistiko batzuetan lan egin nahi duten Buruntzaldea-Beterriko langabetuentzako antolatu du Usurbilgo Udalak. "Egitasmo honetarako Usurbilgo Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Cebanc-Cdea prestakuntza zentroarekin, Usurbilek baitu egitasmo honen zuzendaritza eta kudeaketa ardura", ohar bidez Udaletik jakinarazi dutenez.

Izen ematea zabalik izango da asteazken honetatik azaroaren 24ra arte, lanbide.euskadi.eus atarian. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da eskualdeko udalerriren batean erroldatua egotea eta enplegu planean parte hartzeko prestakuntza atala egoki gainditzea. Lehentasunez, emakume langabetuei, epe luzeko langabetuei, DBE onuradunei, eta 35 urtetik gorako (lehen enplegua) langabetuei zuzendua dago. Donostiako Cebank-Cdean eskainiko den ikastaroak 300 orduko iraupena izango du eta azaroaren 30etik otsailaren 23ra luzatuko da. Amaieran, 1. mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratu ahalko da. Enplegu programa honi esker, 10 kontratu burutuko dira hotelen sektoreko enpresetan. Argibide gehiagorako:

Usurbilgo Udalako Garapen eta Hezkuntza Saila, 943 371 951

Cebanc-Cdea, 943 316 900

Lasarte-Oriako Lanbide bulegoak, 943 023 805/943 023 814

Langabetuak kontratatzeko diru laguntza

Buruntzaldea-Beterri bailarako Udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek) langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak iragarri dituzte. Inguruko enpresei zuzendurikoak dira, "interesaturiko negozio orori, aipaturiko bailarako langabeak eta lan-eskatzaile moduan Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatutakoak kontratatzeko", Usurbilgo Udaleko enplegu sailetik aditzera eman dutenez.

Enplegua Sustatzeko toki ekintzetarako Lanbideren laguntza deialdiaren babesean, 2016/06/16ko EHAAn argitaratua izan da dirulaguntza deialdi hau. 2016ko aurrekontuan 205.500 € aurrikusi dira diru-laguntza honetarako. Zenbateko hau Lanbidek finantzatzen du.

"Enpresek diru-laguntza honen onuradun izateko Lasarte-Oriako Lanbideko bulegoetan lan-eskaintza zehatza aurkeztu beharko dute edota jarduera horretarako Lanbidek gure eskualdean duen entitate kolaboratzaile batean eta Lanbidek proposaturiko izengaien artean egin beharko dute hautapena.

Kontratazio hauek burutzen hasteko  2016ko abuztuaren 22tik aurrerakoak dira. Diruz lagundutako kontratuek 2017ko maiatzaren 31 baino lehen bukatu behar dute, 5 hilabete gorako kontratuak izan ezik. Hala ere aipaturiko data baino lehen amaitu beharko dute kontratuaren lehendabiziko 5 hilabeteak.

Enplegurako laguntza ekonomikoak zenbateko hauen araberakoak izango dira:

1.-3000 euroko gehienezko laguntza, 3 hilabete iraungo duen lanaldi osoko kontratuko

2.-5000 euroko gehieneko laguntza, 5 hilabete edo gehiago iraungo duen lanaldi osoko kontratuko.

Bi kasuetan ez da kontratuaren kostuen %75 baino handiagoa izango.

3.-Diru laguntzak  gehikuntza izango du honako hauek kontratatzen direnean: DSBEaren titular-hartzaileak, lehen enplegua lortu duten 35 urtetik beherako pertsonak eta  iraupen luzeko langabetuak. Azken zenbatekoa ez da %100 baino handiagoa izango.

Kontratu partzialek %50eko lanaldia izan behar dute gutxienez eta kasu honetan adierazten den diru-laguntzaren erdia jasoko dute.

Hala ere, diruz lagunduko diren kontratu moten banaketa, diru-laguntzen deialdia arautzen duten oinarrien  IV. Eranskinean jasotzen dena da.

Nobedade gisa, aurtengoan, eskualdeko udalek gauzatutako prestakuntza-ibilbideetan aritutako langabetuak kontratatzeko aukera izango da : Hazilan, hotelgintza, instalazio-elektroteknikoak eta dependentzia.

Enpresa edo profesional interesatuek eskaerak  aurkezteko epea 2017ko martxoaren  31 arte izango dute, eta Andoaingo Udalaren Sustapen ekonomiko, enplegu eta Gazteria Saileko bulegoan egin beharko da( La Salle etorbidea 6. Urigain etxea ).

Diru-laguntzak 2016ko ekitaldiko udal aurrekontuaren araberako kreditu erabilgarria amaitu arte emango dira, eskaera behar bezala betea, sarrera data eta orduaren lehentasun-hurrenkera jarraituz".

Argibide gehiago nahi dituenak, Udaletxean jasoko du informazio gehiago:  Josune Mujika (943 371 951), enplegu@usurbil.eus