Usurbil ere, erabakitze eskubidearen aldeko galdeketen olatura batzear

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 16a, 14:01

Erabakitze eskubidearen aldeko herri galdeketa mordoa iragarri dira 2017rako, bereziki Gipuzkoa eta Bizkaia aldean, baita Nafarroa iparraldean ere. Eskualdeka ospatuko dira udaberritik aurrera. Tartean, maiatzean, Urola Kostako udalerrietan, Lasarte-Orian... eta Usurbilen! Horixe litzateke behintzat, erabakitze eskubidearen alde herrian lanean diharduen lan taldearen asmoa. Baina noski, herri galdeketa antolatzeko ezinbestekoa izango da herritarren parte hartzea eta laguntza. Horretarako, lehen bilera irekirako deia egin du Usurbilgo Gure Esku Dagok, datorren azaroaren 26rako, 12:00etan Potxoenean. Ordu erdiko batzar laburra izango da.

Herri galdeketa aurkeztu, eta bideratu beharko diren prestaketen berri ematea da asmoa. Egin beharreko lehen lanen artean hain zuzen, beste udalerrietan bezala, elkarte bat sortzea izango da lehen pausoa. Baina argi diote Usurbilgo Gure Esku Dagotik; ez dute bilgune berria osatu nahi, "herritarren parte hartzea izan arte".

Sortu nahi den elkarte berri honen egiteko nagusia, 2017ko maiatzean Usurbilen ospatu nahi den herri galdeketa kudeatzea litzateke. Elkarte honekin batera, galdeketaren antolaketa lan guztia koordinatzeko talde sustatzaile bat egongo da. Egin beharreko prestaketa lanen erantzukizun nagusia talde honena izango den arren, beharrezkoa izango da, aipatu moduan, herritarren laguntza. "Ez bakarrik lan egiteko, baita ideia berriak ekarriko dituen jendea", ere eskertuko luke Usurbilgo Gure Esku Dagok. "Jendea animatzen dugu bilera irekira etortzera, ze lan egingo den ikustera. Bakoitzak ikusiko du ze mailatan parte hartu dezakeen", ohartarazi dute erabakitze eskubidearen alde lanean diharduen bilgunetik.

Jendarte anitza bildu nahi

Ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi dute, ahalik eta aniztasun handiena islatu. "Herri galdeketa honetan nabarmendu nahiko genukeen puntu bat zera da, lan talderako aurkitu nahi ditugun herritarrak ideologia anitzekoak izatea, ekarpen desberdinak jaso ahal izateko asmoarekin. Denentzako lekua izatea nahiko genuke", adierazi dute Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik, aste honetako NOAUA! aldizkarirako eskaini duten elkarrizketan.

Hitzordua finkatua dago beraz; Usurbilen 2017ko maiatzean ospatu nahi den herri galdeketa antolatzen hasteko lehen bilera irekia, azaroaren 26an 12:00etan Potxoenean.

Irudia: Usurbilgo Gure Esku Dago.