Sortu birfundatzeko bigarren batzarra larunbatean

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 16a, 09:25

Ponentzia eta zuzendaritza taldeen hautaketa bideratzeko deitu du Usurbilgo Sortuk, alderdia birfundatzeko prozesuaren baitako bigarren batzarra. Larunbat honetan izango da, azaroak 19, 10:00etan hasita Potxoenean. Gogoan izan, prozesua azaroaren 4an aurkeztu zuten. Urtarrilean borobilduko da, Kongresu baten bueltan.

Birfundazio prozesua irekia izango da, Sorturen proiektuarekin bat egiten duen orok parte hartu ahalko du. Hitza hartu ahal izateko ordea, interesdun orok aldez aurretik akreditatu egin beharko du. Horretarako, partehartu.sortu.eus helbidean sartu eta bertan dagoen formularioa bete daiteke. Edozein zalantza izanez gero, bertan daude laguntzarako telefonoak.

Erabakiak, komunitate osoaren esku

Birfundazio prozesuan akreditatzen denari, prozesuan parte hartzeko aukera zabala eskainiko zaio; "informazio osoa zuzenean jasotzeko aukera, hautagaiak aurkeztu, iritzia eman, eztabaidan parte hartzeko aukera eta bozkatzeko eskubidea" hain zuzen. Modu honetan, Sortuk parte hartzea komunitate osora zabaldu nahi du. "Birfundazio prozesuan hartutako erabakiak komunitate osoaren esku utzi nahi ditugu. Parte hartzea zabaldu nahi dugu, eztabaidetan sakondu eta bozkatzeko eskubidea komunitatea osoan bermatuz", Sortutik aditzera eman dutenez.

Birfundazio prozesuaren egutegia

-Azaroak 4: Birfundazioaren aurkezpena eta afaria egin zuten Aitzaga Elkartean.

-Azaroak 19: Ponentzia eta zuzendaritza taldeen hautaketa.

-Abenduak 3: Emendakin partzialak eta zerrenda irekien hautagaiak.

-Urtarrilak 7: Emendakinen eztabaida eta zerrenda irekien hautaketa.

-Urtarrilak 21: prozesuaren amaierako Kongresua.

(Kongresu amaierako ekitaldia izan ezik, gainerako batzarrak Usurbilen, 10:00etan Potxoenean)

Informazio gehiago: partehartu.sortu.eus

Irudia: Usurbilgo Sortu.