Inauteri Festarako mozorrotzeko gaia, zuen esku

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 17a, 09:58

Batzuentzat goizegi izan daiteke, besteentzat ez. Oraindik hiru hilabete pasatxo ditugu aurretik, 2017ko Inauteri Festarako. Datorren edizioa, otsailaren 25ean, larunbatez ospatuko dugu Usurbilen. Mozorroa prestatzeko nahiko denbora izan dezazuen, hobe lanean garaiz hastea. Oraingoan ere, zuen esku utzi nahi dugu datorren Inauteri Festarako jantziaren hautaketa. Zuk zertaz mozorrotu nahi zenuke? Proposatu Inauteri Festarako gaia; zuen ideia edo ekarpena, elkartea@noaua.eus helbidera helarazi dezakezue. Laster, egunotan tabernetan ere zerrendak jarriko ditugu, zuen ideak biltzeko. Dagoeneko lehen ekarpena heldu zaigu. Gaztelekutik; "tribu urbanoak" gaia proposatu digute, "guk punkiz mozorrotu nahi dugulako!" adierazi digute.

Esandakoa, ekarpenak biltzeko epea zabalik dago. Eguberrien atarian, abenduaren 23an argitaratuko dugun urteko azken NOAUA! astekariarekin batera jakinaraziko dugu zein izan den mozorrotzeko hautaturiko gaia. Animatu eta parte hartu!

Aurreko edizioetan...

Lanak errazte aldera, hemen doakizue, azken hamarkada pasatxoan ospatu diren Inauteri Festetarako hautatu diren gaien zerrenda.

Gogoan izan, ezin daitezke errepikatu azken urteotan hautatu izan diren gaiok:

2017: ???

2016: lanbideak.

2015: ipuinak.

2014: Erdi Aroa.

2013: Musika.

2012: Mitologia.

2011: Itsasoa.

2010: Zirkoa.

2009: Olinpiar Jokoak.

2008: Xomorroak.

2007: Brasil.

2006: Marrazki bizidunak.

2005: Usurbil, Oesteko herri.

2004: Hollywood.

2003: Munduko kulturak.

2002: Extralurtarrak.

Girotzen hasteko, ekar dezagun gogora aurreko Inauteri Festa. Oroitzen duzue? Honatx iruditan: 2016ko Inauteri Festa iruditan