Ostegunean aurkeztuko du GuraSOSek, azaroaren 26rako iragarria duen mobilizazioa

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 15a, 10:19

Erraustegiaren lizitazioa gelditzea eta parte hartze prozesu bat zabaltzea eskatzeko manifestazioa deitu du azaroaren 26rako Donostian, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeak. Hitzordua ere zehaztu du jada GuraSOSek, sare sozialen bidez zabaldu duten kartelean. Manifestazioa azaroaren 26an, arratsaldeko 17:00etan hasiko da Donostian, Amarako EuskoTreneko geltoki ondotik, Araba Parkea eta Mendeurren Plaza ingurutik. "Gipuzkoa+: Eman bidea Osasuna eta Adostasunari" aldarripean bideratuko da mobilizazioa. "Mobilizazio honen helburua erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eta parte-hartzeko prozesu bat irekitzeko eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzea da", adierazi dute. Gizarte osoari dei egiten diote, "bere ahotsa entzunarazi dezan".

GuraSOSek prestaketa lanak abiatu ditu eta laguntzarako deia zabaldu dute. "Zu ere zure herrian ekimen hau bultzatzeko prest bazaude, jarri harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatziz", adierazi dute.

Manifestazio honen inguruko xehetasun gehiagoren berri ostegun goiz honetan bertan eskainiko dute antolatzaileek, goizeko 11:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean deitu duten agerraldian. Joxe Mari Izeta, Joseba Belaustegi eta Mari Karmen Gil taldeko kideek parte hartuko dute saioan zehar. Manifestazioaren nondik norakoen berri emateaz gain, aurrera begirako bide-orria ere aurkeztuko dute.