16 denboraldiz maila profesionalean lehiatu ostean, Andoni Iraola usurbildarrak futbola utzi duela iragarri berri du. Azken urte eta erdian, New York City taldean jokatu du. Talde honetatik ezagutzera eman dute albistea. 2015az geroztik 40 partida jokatu ditu itsasoz bestaldeko taldearekin. Usurbildarrak bere esker ona adierazi die. "Lehen unetik etxean bezala sentiarazi nauten klub barruko nahiz kanpoko guztiei eskerrak eman nahi nizkieke", adierazi du Iraolak.
Zuen onena ematen ahalegindu dela dio Andonik, eta iragarri duenez, "hemendik aurrera, kluba babesten jarraituko dut, orain fanatiko baten moduan". Taldetik Andoniri zorterik onena opa diote bere ibilbide berrirako. Tartean, kirol zuzendariak Claudio Reynak. Bere esanetan zaila izango da, 34 urteko usurbildarra ordezkatzea. "Andoni pertsona eta jokalari zoragarria da eta etorkizunerako onena opa diot. Berak badaki bizi osorako laguntzat naukala". Taldean eskuzabalik hartu zutela oroitzen du, eta tarte honetan, zelaian nahiz zelaitik kanpo Andonik duen izaera nabarmendu nahi izan du. "Zelaitik kanpo, Andonik klubean nahi dugun pertsona mota irudikatzen du. Gizon apala, beti taldearen zerbitzura dagoena. Bere hutsune handia sumatuko dugu klub osoan", adierazi du Reynak.
Usurbildarra New Yorkeko taldean jokatu aurretik beste 12 urtez aritu da kamiseta zuri gorriarekin, Athleticen lehian. 2003-2004 denboraldian hasi zenetik 500 partida baino gehiagotan parte hartu du.