GuraSOS: "Abenduaren 27an ez da ezer amaitzen"

Noaua Aldizkaria 2016ko azaroaren 17a

GuraSOSek azaroaren 26rako deitu duen manifestazioa aurkezteko ostegun honetarako iragarria zuen agerraldia, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok erraustegiari buruz eginiko adierazpenen biharamunean dator. Gogoan izan, Asensiok data jarri zion atzo, Zubietan kokatu asmo duten planta eraiki eta kudeatzeko lanen esleipenari. Abenduaren 27an gauzatuko du lizitazioa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Beste behin, opor giro betean gaudela jakingo da, nork eraiki eta kudeatuko duen Zubietako erraustegia.

Asensiok iragarri zuenez gainera, abenduaren 27an esleipena gauzatu eta urte berriarekin, 2017 hasieran abiatu nahi omen dituzte erraustegia eraikitzeko lanak. 30 hilabetez, hau da, bi urte eta erdiz luzatzea aurreikusten dute. Eta legegintzaldi amaierarako, erraustegia 2019ko udaberrirako martxan egotea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatuak.

Lizitazioa geratzeko eskaera

GuraSOSek ostegun honetan egin duen agerraldian, lizitazioari buruz galdetu zaie. Guraso taldeko kideetako batek argi erantzun duenez, "abenduaren 27an ez da ezer amaitzen". Are gehiago, abian dauden prozesu judizialek esleipena gerarazi dezakete gero, "epai batek prozesua gerarazi dezake". Gipuzkoarron altxor publikoaren kalterako litzatekeenez, prozesu hau gelditzea eskatzen du GuraSOSek. Zehaztu dutenez, hiru errekurtso dituzte martxan; Ingurumen Baimen Bateratuaren, lizitazioa hastearen eta parte hartze prozesu bat ez irekitzearen aurka hain zuzen. Laster espero dituzte, beranduenez urte amaierarako, errekurtso hauen ebazpenak. GuraSOS defendatzen ari denaren aurkako ebazpenak balira, goragoko instantzietara jotzeko asmoa agertu du guraso taldeak.

Duela 14 urte planteaturiko proiektua errebisatzeko garaia badela dio guraso taldeak. Eta hainbeste denbora pasa eta gero, ea orain hainbesteko presa zergatik ote duten galdetzen dute eta "zergatik ezin den beste aukera bat eman" gipuzkoarrei.

3 enpresa talde lehian

Erraustegia eraiki eta kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako lizitaziora hiru enpresa talde aurkeztu dira. Abenduaren 27an jakingo da, hiru taldeotako zeinek izango duen, hainbat adituek azpimarratu izan duten moduan, guztion osasun, ingurumen eta ekonomiarentzat kalteak ekar ditzakeen planta gauzatu eta martxan jartzeko ardura:

-Construcciónes y Promociones Balzola, S.A; Valoriza Servicios Medioambientales, S.A; Valoriza Gestión, S.A.

-Meridiam Investments SAS; Urbaser S.A; Altuna y Uria S.A; Construcciones Moyua S.L; Construcciones Murias S.A; LKS Ingeniería S.COOP.

-Fomento Construcciones y Contratas eta Sartech Engineering.