Elikagaien bankuarekin lankidetza indartzea eskatzen du PSE-EEk

Noaua Aldizkaria 2016ko azaroaren 18a

Horretarako, tokiko saltoki eta ostalaritza establezimenduak inplikatzea eskatu dio Udalari ohar bidez, Usurbilgo PSE-EEk. "Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritzeko eta lankidetza hori gure udalerriko merkataritza eta ostalaritzara zabaltzeko konpromisoa har dezala eskatzen diogu, kontsumorako egokiak diren baina salmentarako baztertuta dauden elikagaiak bildu eta aprobetxatzeko helburuarekin", zehaztu du alderdi sozialistak. PSE-EE-tik bigarren eskaera bat ere zuzentzen diote Udalari; "elikagaien kontsumo arduratsuari buruzko heziketa eta kontzientziazio-kanpainetan bete-betean inplikatzeko konpromisoa har dezala eskatzen zaio".

Eraginkortasunean irabazi nahi

Mozio batean bildu dituzte bi eskaerok. Mozioa jada Udalean erregistratu dute, Fermin Orue bozeramaileak berri eman duenez. Udalak "saltoki eta ostalaritzaren laguntzaz, elkartasunaren sustapenean “eragile eraginkorra” izan behar du kontsumorako egokiak izanik salmentarako baztertzen diren elikagaiak bildu eta aprobetxatzen laguntzeko".

Orueren esanetan, jateko moduan egon arren, arrazoi estetikoengatik bakarrik produktu ugari hondakinetara botatzen dira. Kezkagarri eta larritzat jotzen dute gertatzen ari dena. "Xahubide honen ondorioak kezkagarriak dira oso. Izan ere, larria baita xahutzea langileen eskulanaren ahaleginak, baliabide hidrikoak eta alferrik galduko den elikagaia ekoizteko erabilitako energia. Eta gainera, ez diogu behar duenari janaririk  ematen. Fruta, lekale eta barazkien kasuetan adibidez, bota egiten dira txikiegiak, handiegiak edo itxura edo kolore itsusia izateagatik, nahiz eta propietate nutritibo guztiak mantendu. Hau dela eta, supermerkatuek eta saltokiek kadukatzear dauden produktuak soberan izaten dituzte eta zaborrera bota baino lehen, beharrean dagoen familiei ematea egokiagoa dela uste dugu".

Elikagaien bilketa handia

Urtero moduan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak azaroaren 25ean eta 26an egingo du elikagaien bilketa handia, herrialdeko 75 saltokietan. Iaz, 626.850 kilogramo elikagai bildu zituzten; 2014an, 575.000. Laguntzeko bi  modu daude. Batetik elikagaiok erosita: kakao-hautsa, gailetak, arrain edota berdura kontserbak, olioa, garbitasuneko produktuak, pixoihalak, eta haurrentzako era guztietako elikagai eta produktuak. Bestela, 3 edo 5 euroko bonoak eskuratu daitezke. Bonu horiei esker, Elikagaien Bankuak beharra duenean elikagaiak erosi ahalko ditu eta, gainera, biltegiratze eta garraio arazoak saihestu ahal izango ditu.

Informazio gehiago: bancoalimentosgipuzkoa.org